Energia komunitatea piztu dute
Hilaren 22an aurkeztuko dute Argitturri. Oiartzuar talde batek duela urtebete energia burujabetzarako bidea hasi zuen. Energia berriztagarrien komunitatearen ibilbidearen hurrengo geltokia da.
Oiartzungo energia berriztagarrien komunitatea izango zenaren ernamuinak lehen argi izpiak Biyurrieneak antolatutako hitzaldi batean ikusi zituen. Elikadura burujabetza izan zuten hizpide, eta Elikaren proiektua aurkeztu zuten orduan, besteak beste.
«Elikak bere martxa hartua dauka; elikaduraren arloa lantzen du. Guk gure buruari galdetu genion ea zergatik ez genuen beste arlo bat lantzen, hitzaldiaren gaia egungo sistemari alternatibak bilatzea baitzen», gogorarazi du Iker Zabala Argitturriko kideak.
Hainbat gairen artean aukeratzen hasi ziren, eta ikusi zuten energiarena izan zitekeela heldu beharrekoa. «Energia berriztagarri eta burujabetzaren inguruan boom bat dago, eta kontatu dizkigute hainbat herritan dauden esperientziak eta haien bilakaerak.
Energiaren gaia hain landua daukatenez, gomendatu digute energiaren arloan zein alor uki genitzakeen», gaineratu du Jon Etxebeste Argitturriko kideak. Hori bai, energiaren gaia jorratzeko «osotasun baten barruan» sartu behar dela nabarmendu du Zabalak, «beste gizarte eredu baten» bilaketan.
Udalarekin hitz egiten hasi ziren, energiaren arloan erakundea antzeko zerbait bilatzen ari zelako, eta beraien asmoak betetzeko herritarrak behar zituztelako. Izan ere, Oiartzungo Udalak 2030erako energia kontsumoa %33 murriztu beharko du, eta erabiliko denaren herena bakoitzak ekoitzi beharko du.
Orain dela hamar urte hasi zen udala etxeko lanak egiten, eta azken lau urteetan energia %13 murriztea lortu du. Energia berriztagarriak sortzeko asmoz, Arrietako ur-biltegiaren teilatuan eguzki plakak jarri zituzten iaz, eta diru partida garrantzitsua bideratuta dute aurtengo aurrekontuan. Pauso gehiago emateko asmoa daukate.
Argitturriren talde eragilea izan denak eta udalak Goiener izan dute bidelagun, eta etorkizunean hala izango dela konbentzituta daude. «Beraiek dira adituak, eta haien aholkuei esker aurrera egitea lortu dugu», azaldu du Etxebestek.
Urtebete baino zertxobait gehiago aritu dira elkarrekin lanean, eta proiektua herritarrei aurkezteko moduan dira: hilaren 22an —datorren ostegunean— aurkeztuko dute Argitturri. 19:00etan jarri dute zita, udaletxeko pleno aretoan.
Proiektuak ezaugarri «onak» dauzka Zabalaren ustez, «hiru hanka» dituelako: herritarrak, erakundeak eta sortu den kooperatiba. «Esaten genuenean zeintzuk ziren ezkerraren alternatibak», jarraitu du Zabalak, «beti dikotomia berean jokatzen genuen: publiko edo pribatua. Agian hirugarren bide bat badago, hainbeste entzuten ari den publiko-komunitarioa, eta hori urratu nahi dugu. Ez da kasualitatea Argitturriko taldekide batzuk elikadura burujabetzaren munduan ibili izana».
Burujabetzarena kezkatzen dituen gaia da, beraien esanetan herritarrek ez dutelako subirautzarik ez elikaduran, ez energian, ezta beste hainbat sektoretan ere, eta estatuek gero eta gutxiago.
«Herritarrok aukera dezakegun gauza bakarra da denda batean erosi ala ondokoan. Energiarena bada funtsezko eskubide bat. XXI. mendean, energiarik gabe, ez dugu ulertzen bizimodu duin bat. Herritarrok horrekiko erabaki ahalmena eskuratu behar dugu», azaldu du Zabalak.
Horregatik, herritarrekin erabaki nahi dute zein energia mota sortuko duten, eta zenbat eta nola banatuko duten.
Izan ere, kopuruari garrantzia eman nahi diote. «Hasieratik ikusten genuen arriskua ekoizpenera mugatuko zela. Sortu, sortu eta sortu, baina uste dugu pedagogia ariketa handi bat egin behar dugula deshazkundearen bidean. Hain errotuta dago energia mugagabea gure buruetan… Pedagogia egin behar da», esan du Etxebestek.
Zabalak ildo beretik jo du, eta haren ustez, «kapitalismoak erakutsi nahi duen bezala», hazkundeak ez du zertan beti ona izan. «Energiaren arloan behar dena deshazkundea da. Hori mundu guztiak esaten du, eta aprobetxatu behar da».
Eguzki plakak, hasteko
Argitturrik bere bidea eguzki plakak instalatzen hasi nahi du, modurik «erraz eta eraginkorrena» delako; hala aholkatu zieten Goienerrekoek. Oraingoz, lau balizko kokaleku dituzte. «Proiektu bakoitzak 100 kilowatteko muga dauka, eta hortik ezin da pasa. Horrek mugatuko du zenbat jende konekta daitekeen eguzki plaken instalazio bakoitzera», iragarri du Etxebestek.
Beharrik balego, kokaleku berriak bilatuko lituzkete, baina nahiago dute «pixkanaka» joan. Hori bai, ohartarazi du etxe bakoitzak behar duen energiaren %100 ez lukeela hornituko, plakek ezarrita duten mugagatik. «Ez da behar den argindar guztia, baina bai portzentai bat; bada zerbait. Batez ere, oligopolioa osatzen duten enpresa horien menpekotasunetik aldentzea da helburua», esan du Etxebestek.
Osteguneko aurkezpen ekitaldian kooperatibako kideek eta udaleko ordezkari batek hartuko dute hitza, Argitturri kooperatibaren nondik norakoak azaltzeko. Bertara agertzen direnen artean datuak betetzeko fitxak banatuko dituzte, bat egin nahi izanez gero.
Kooperatibista izateko prezio 20 eurokoa izango da, eta ondorengo urratsa izango litzateke, Etxebesteren arabera, instalatzeke dauden eguzki plaketara konektatzea. Kasu horretan inbertsio bat egin beharko litzateke.
Etxebesteren arabera, «jende dezente» animatuko da, energiaren gaia «pil-pilean» baitago. «Behin martxa hartuta, jende gehiago batuko litzatekeela uste dut. Proiektuari aurpegiak jartzen hasten diren heinean, edo konfiantza sortzen, orduan eta jende gehiago animatuko litzateke», uste du.
Herritarrei ez ezik, enpresei ere zuzenduta egongo da proiektua; enpresaren mundutik datorren kide bat dago Argitturriren talde motorrean. «Enpresa handiek ez dute gure proiektuan interesik izango, baina bai enpresa txiki edo ertainek.
Potentzialitate handia dago Oiartzunen, industriagune asko daudelako, eta baldintzak beteko balituzte, aukera dagoelako enpresen teilatuetan jartzeko», gaineratu du Etxebestek.
Zabalaren ustez, proiektuak arrakasta izango du baldin eta izango diren parte hartzaileek multzo heterogeneoa osatzen badute: «Familiak —ahalik eta heterogeneoenak izanda—, enpresak, denda txikiak… Eguzkiak ematen duen indarrari errentagarritasun handiena horrela aterako diogu».
Oiartzuarrak energia berriztagarrien komunitatean inplikatzeko urrats batzuk eman dituzte. Adibidez, izena hautatzearena. Herriko ikastetxeetako haurrek hainbat izen proposatu zituzten, herritarrek gustukoena hauta zezaten.
«Horrekin lortu nahi genuena da eskoletako komunitateak inplikatzea. Hainbat gai lantzen ari dira ikastetxeetan: energia, natura… Zibilizazioaren krisia, azken finean. Beta eman digu gure proiektua ikastetxeetan ezagutarazteko, baita haiek energiari buruzko lanketa egitekoa ere», adierazi du Etxebestek.
Zabalaren esanetan, parte hartzeak «ahalik eta zabalena» izan behar du, baita «ahalik eta demokratikoena» ere. «Horrek gure DNAn joan behar du, eta horretan saiatzen ari gara».
Etorkizunera begira
Zabalak kooperatiba sortzearen arrazoia azaldu du: «Badakigu Oiartzunen etxe askok eguzki plakak dituztela, eta oso ongi iruditzen zaigu. Guk kooperatiba sortu dugu komunitatean erabakiak hartu nahi ditugulako, energia nola bideratuko dugun aukeratzeko».
Horrez gain, pobrezia energetikoaren gaia landu nahiko lukete. «Uste dugu herri bateko energia komunitate batek behar horiei erantzun beharko liekeela. Oraindik ez dugu aztertu zein formularekin egin daitekeen, baina ate hori irekia utzi nahi dugu».
Ibilbidea hasi besterik ez dute egin. Plaka fotovoltaikoak dira hasiera horren adierazle. Hala ere, energia berriztagarrien komunitate izateak aukera asko ematen dizkiela ziurtatu dute.
Poliki joango dira, baina energiaren beste sektore batzuetan ere eragin nahiko lukete, edota aholkularitza zerbitzuak eman.
«Hainbat gauza egin nahiko genituzke, baina garenak gara, eta iritsiko gara ahal dugun tokira. Horregatik, jendeari gonbidapen bat egin nahiko genioke, hurbiltzeko, horrela alor gehiagotara iritsiko ginateke», adierazi du Zabalak.
Etxebestek, energia burujabetzaren bidean, Argitturri sortzeko eman duten pausoa azaldu du: «Arlo teorikotik praktikora pasatu gara». Argi dute zein den bidea.