"Metraiak etorkizuneko proiektua da, urtero egitea nahi genuke"
Oiartzungo Gazte Sortzaileek (Orgasmok) Metraiak film laburren jaialdia antolatu dute biharko (Landetxen, 18:00etan). Lau film emango dituzte, horietako bat Oiartzungo zigilua daramana.
Bihar arratsaldean, Metraiak film laburren jaialdiaren lehenengo ekitaldiaren emanaldia egingo dute. Landetxen izango da, 18:00etan. Sarrerak leihatilan eros daitezke hasi baino lehenago, baina baita online ere, oraintxe bertan, 5 euroren truke.
Lau film ikusteko aukera izango da; hiru hautatu dituztenak eta bestea Oiartzunen egindakoa da.
Orgasmok (Oiartzungo Gazte Sortzaileak) antolatu du Metraiak, eta taldeko kide Luix Mitxelenak eman ditu xehetasun gehiago.
Duela bi urte sortu zenuten Orgasmo. Hainbat diziplina landu dituzue, eta orain zinema bultzatu duzue. Nola eman duzue pauso hori?
Duela bi urte elkartu ginen talde bat, film labur bat egiteko asmoarekin. Landetxeren irekierarekin beste baldintza batzuk daude, eta motibatu egin ginen. Film jaialdia egitearen ideia etorri zitzaidan, oso argi. Film laburra egin nahi zuen taldeari komentatu, eta esan genuen guk ere zerbait egin beharko genuela. Horrela jaio zen.
Metraiak jaialdira hiru film ekarriko dituzue. Nola izan da aukeraketa?
Jendea behin antzokira mugituta, eta film laburrak direnez, hobe da bat baino gehiago eskaintzea. Udalari eskerrak eman nahi dizkiogu, diru laguntza oso polita eman digutelako hau aurrera eramateko.
Diru kopurua nahiko sinbolikoa da. Horregatik, ezin diogu jendeari eskatu hiru film egiteko, 200na euroko saria zelako bakoitzarentzako. Helburua izan da sortuta zeuden film laburrak laguntzea. Hamabi lan jaso ditugu; kopuru polita da. Hiru hautatu ditugu. Nagore Muriel donostiarraren Erro bi; Ainhoa Zubizarreta oreretarraren Isilpean; eta Arnatz Puertas bizkaitarraren AUX.
Zama zuen filma ere proiektatuko da. Zein da argudioa?
Abiapuntua kontatuko dut: Albert Einsteini buruzko dokumentala ikusten ari nintzen. Kontatzen zutenez, zenbakietan murgilduta bizi zen, eta bere lehentasuna lana zen.
Etxera iritsi zen batean, emaztea zorabiatu eta konortea galtzen du. Galdetzen dio ea zer daukan, eta erantzuten dio hilzorian dagoela. Einsteinek esaten dio ea zergatik ez dion ezer kontatu, eta erantzuna izan zen: «Zu ez kezkatzeagatik». Ukitu egin ninduen ideiak, eta nire ingurura eraman nuen; zerbait egin behar nuela pentsatu nuen.
Gidoia egin genuen, oso tantaka, baina egitura garbi utzi genuen. Hamabi lagun elkartu ginen, zortzi emakume eta lau gizon; gehienak oiartzuarrak. Aste Santuan errodatu genuen.
Gazte baten obsesioari buruz hitz egiten du. Organista da, eta kontserbatorio batean sartu nahi du; bi plaza bakarrik daude, eta ahalik eta ongien egin nahi du. Obsesio horrek bultzatuta, inguruko guztia alde batera nola uzten duen islatzen du.
Jaialdia errepikatzeko asmoa duzue?
Ikusten dituzu beste zinema jaialdiak XX. ekitaldian daudela, eta ilusioa egiten zigun I. ekitaldia jartze horrek. Etorkizuneko proiektua da, urtero egitea nahiko genuke, eta indarra hartzen joatea, dimentsio handiago bat hartuz eta jendeak ezagutzea.
Orgasmok, bestela, zer du esku artean?
Hainbat antzezlan —edo bat, ez dakigu— arin egiteko elkartu gara zortzi oiartzuar, eta horrekin zerbait antolatuko dugu. Gainera, Urkabera ibilaldia egingo dugu, Oiartzungo istorio mitologikoen liburua oinarri hartuta. Lau istorio kontatuko ditugu, eta gainean Biyurrieneak ekitaldiren bat antolatuko du. Abenduaren 26an Oiartzungo Gazte Sortzaileen Eguna egingo dugu, eta perreo tailer bat ere egiteke daukagu…