[Erreportajea] Aurten ere gogor erantzuteko prest dira herriko pilotariak
Hirugarren urtez jarraian, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako finala jokatuko du bihar Oiartzunek. Iazko garaipen handia errepikatu nahi dute Oiarpeko pilotariek. Donostiako Atano pilotalekuan ariko dira.
Iazko garaipenaren ondoren ateratako irudia da. Azken 11 urteetan sei final irabazi dituzte oiartzuarrek. Biharkoa –ere– egun handi horietakoa izan daiteke oiartzuarrentzat. Izan ere, Esku Huskako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako final handia jokatu du herriak hirugarren urtez jarraian. Azken urteetan txoko bat egin du final handi horretan herriak, eta iazko garaipena errepikatzeko prest dira Oiarpeko kadete, jubenil eta nagusiak.
Biharkoa segidan jokatuko duten hirugarren finala izango da, 2021tik ez baitute hutsik egin. «Oso pozik gaude, hainbeste finaletara iristea oso zaila baita. Eta hirugarren urtez lortzea lorpen handia da, ikaragarria», kontatu dio hitza-ri Asier Retegi klubeko kideak. 2021ekoa galdu bazuten ere, iaz arantza hori kentzeko gai izan ziren.
Azken bi finaletan Azpeitia izan dute aurkari oiartzuarrek, eta aurten ere, azpeitiarrak izango dituzte aurrez aurre herriko pilotariek. «Ez da erraza izango, iaz baino zailagoa izango dela aurreikusten dugu. Esperantza badugu, eta uste dut ongi jokatzeko eta txapelak lortzeko prest gaudela», erantsi du. Donostiako Atano III pilotalekuak jasoko du finala.
Hiru partidak «gogorrak» izango direla aitortu du Retegik, horregatik, aurreko bi finaletan bezalaxe, oiartzuarren babesa beharrezkoa izango dute. Autobusak antolatu dituzte biharko, baita afaria ere, lehen edota bigarren postu hori ospatzeko. «Afariko txartelak ezin dira eskuratu jada, baina Atanora gerturatzen direnek ziur sarreraren bat eskuratu ahal izango dutela. Azpeititik bus asko etorriko dira, beraz, oiartzuarrak etortzera animatzen ditugu. Irabazi ala galdu, gozatzeko eguna izango da».
Seigarren finala
Azken 11 urteetan bost final jokatu ditu Oiartzunek, oso herri gutxik esan dezakete hori. «Urte batean irabaztea kasualitatea izan daiteke, baina ikusi da ez dela hala izan. Seigarren finala izango da. Lanaren ondorio izan da hori, emaitzak ez baitira kasualitatea izaten. Harro eta oso pozik gaude honaino iristearekin, ez da erraza izan, baina ongi ari garen seinale da», erantsi du Retegik.
16:30ean abiatuko dituzte final handiko hiru partidak, hurrenkera honetan: kadeteak, jubenilak eta seniorrak. Hirutik bi irabazi beharko dituzte oiartzuarrek txapeldun izateko.
