Eskalantegi 45 atariko bizilagunen "miseria egoera" salatuko du bihar Etxebizitza Sindikatuak
Bizilagunek hiru hilabetean 1.000 eurotik gorako gas fakturak ordaindu behar dituztela salatuko dute, besteak beste. "Berehalako interbentzio eta erreakzioa" galdegingo dute.
Bihar (hilak 27) Eskalantegi 45 atarian elkarretaratzea egingo du Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuak, bertako bizilagunen “miseria egoera” salatzeko. 19:30ean bilduko dira, eta herritar oro gonbidatu dute bertaratzera.
Etxebizitza Sindikatuak salatu du bizilagunek hiru hilabetean 1.000 eurotik gorako gas fakturak ordaindu behar dituztela. Horrez gain, komunitateko erabakietan boto bidezko parte hartzea ere ukatu dietela diote, “alokairuko estatusagatik”. Miseriazko egoera honen aurrean Alokabidek erakusten duen “axolagabetasuna” ere salatuko dute.
Egoera honen aurrean berehalako interbentzio eta erreakzioa galdegingo dute Etxebizitza Sindikatuko kideek.