Yon Oñatibia oinezkoentzako bakarrik izateko bidean da
Kalea eraldatzeko lanak egiten ari da Oiartzungo Udala. Done Eztebe plaza eta Landetxe hobeto konektatu nahi dituzte. Lorategia ere txukunduko dute.
Yon Oñatibia etorbidea eraldatzeko lanetan ari dira Oiartzungo Udaleko langileak. Done Eztebe eta Landetxe plaza eta eraikina lotzen ditu kale horrek, eta konektibitate hori hobetu nahi dute.
Izan ere, Yon Oñatibia kalea oinezkoentzako bakarrik izango dela jakinarazi du udalak. Espaloiak aldatuko dituzte, eta errepidearen maila berean jarri.
Bertatik pasatzeko salbuespena izango dute bi ibilgailu motek: taxiek eta Xorrolak. Geltokia hor izango dutela iragarri du udalak.
Errepide eta espaloiez gain, beste eraberritze bat izango da Yon Oñatibia inguruan: kaleko lorategia berrituko dutela jakinarazi du udalak. Eserlekuak berrituko dituzte, paretak txukundu eta barandak jarri.
270.900 euroko aurrekontua du proiektuak eta irailerako bukatuta egongo dela esan dute.