[Elkarrizketa] "Bihar hau bukatuko balitz, kontent joango nintzateke"
100 metrotako Gipuzkoako errekorra hautsi du lezoarrak, hain justu, bere entrenatzaile Valentin Rokandiok zuen hori. Irakaslea gainditu du ikasleak, 10.38 segundoko marka historikoa ezarrita.
35 urteren ondoren, Gipuzkoako errekorra hautsi duzu 100 metrotan. Gipuzkoako azkarrena zara.
Ikaragarria izan da. Egia esan ez genuen espero. Beti entzun izan da inguruan 100 metroko lasterketaren errekor hori, hainbeste urtez gainditu gabe egon dena. Ez nuen espero 100 metrotan hain ongi aritzea. 200 edo 400ekoetan aritzen naiz gehiago, bereziki 400ekoetara tara jo izan dut, eta aurten erabaki nuen 200eko lehia gehiago egin nahi nituela, eta distantzia laburretarako entrenatzen hasi nintzen. Azkeneko momentuan erabaki genuen 100 metrokoan lehiatzea, hasiera batean 400koa egiteko asmoa nuelako Ordizian, baina entrenatzaileak esan zidan: «Nik hobeto ikusten zaitut 100 metroetan, eta ea zer gertatzen den». Eta zorionez, Gipuzkoako errekorra etorri zen.
Beraz, ezustekoa izan da?
Ezusteko handia. 200ekoan akaso uste nuen ongi ibiliko nintzela, baina ez 100ekoan. Sorpresa ederra izan da, eta ongi etorria. Ez nuen errekorra hausteko inolako asmorik. 200 metrokoan bai ikusten nuela neure burua Gipuzkoako errekorra noizbait egiteko gai, edo behintzat hor gertu egoteko. Baina 100ekoan ez, ez nuen espero.
Handia egin duzu. 1988tik ez dela errekorra hausten.
Momentuan dezente erotu nintzen, oihuka hasi nintzen pistan. Helmuga pasatzerakoan ez nintzen benetan kontziente izan, eta oraindik ere uste dut ez naizela guztiz kontziente lortutakoaz. Ez nuen espero eta oso bat-batekoa izan zen. Orduan, ez dakit, uste dut denbora pasa behar dela oraindik, eta hemendik denbora batera joango naizela asimilatzen. Oraindik amets horretan nago, hodei horretan.
Berezia izan da errekorra. Izan ere, zure entrenatzailearena zen. Zer suposatu du zuretzat entrenatzailea gainditzeak?
Lasterketa bukatu ondoren deitu nuen Valentin [Rokandio], bera Polonian zegoelako Espainiako selekzioarekin, entrenatzaile lanean. Asko poztu zen. Niretzako beti erreferente bat izan da, berak zuelako marka puska hori, eta gainera, hainbeste urtez hautsi gabe… Gainera, Olinpiar Jokoetan partaide izan zen bere garaian, maila oso altua zuen. Hor egotea ja ikaragarria da, ederra.
Zer esan zizun berak?
Harro dago. Esan zidan ja usaintzen ari zela norbaitek bere marka hori gaindituko zuela, denbora gehiegi zeramala hautsi gabe. Eta berak esan zidan: «Norbaitek kentzen badit, taldekoa izan dadila». Oso pozik dago, harro.
Ezustekoa izan bada ere, inoiz marka berri hau gainditzeko gai ikusten duzu zeure burua?
Gustatuko litzaidake gai izatea. Asteburu honetan berriz ere 100 metroak egingo ditut, errekorra egin nuenetik lehenengo aldia izango da. Eta itxaropen handirik ez dut, egia esan. Iruñean dugu txapelketa. Han normalean haizea pixka bat kontran sartzen da, eta horrek eragin negatiboa izaten du, beraz, zaila izango da. Baina bai, gustatuko litzaidake pentsatzea gai naizela hori gainditzeko, oraindik motibatuta nago. 24 urterekin uste dut oraindik urte batzuk geratzen zaizkidala maila honetan, hortaz, gustatuko litzaidake marka horiek berdindu edo gainditzea.
Eta 200 metrotan, zein duzu erronka nagusia?
Aurten badago beste mutil bat oso fin dabilena, Andoni Calbano bergararra. Berak egin du 200 metrotako Gipuzkoako eta Euskadiko errekorra. Gainera, horiek nik 100ekoa egin eta bost egunetara lortu zuen, eta 100 metroetan ia nire marka gaindituz. Beraz, hor badugu pike oso sanoa, oso harreman ona dugu. Aurreko urtean batera aritu ginen lehiatzen, aurten neguan ere nahiko marka paretsuetan ibili gara, eta bat-batean biek pausu izugarria eman dugu aurrera. Beraz, lehia hori ikusteko oso polita izango da. Beldur naiz 35 urtez iraun duen errekor horrek, nik hobetzen ez badut, hark egingo duela [barrez]. Lehia hori ederra da, elkar bultzatzen garelako, hobetzeko balio digulako. 200 metrokoan hautsi duen errekorrak ere urte mordoa zituen, 40 bat urte. Ez dakit aurten zer gertatu den, baina urte ederra izaten ari da gipuzkoar gazteentzako.
Lasterketetako hasierako une horretan, makurtuta zaudela, zer pentsatzen duzu? Non dago burua?
Irteerako momentuan saiatzen naiz ezertan ez pentsatzen, baina ez da batere erraza, urduri zaudelako. Baina asko gustatzen zait une hori. Aurreko uneetan motibazioa bilatzen dut, gustuko dut neure burua engainatu eta autokonbentzitzea. Beti dituzu zalantzak, baina gustatzen zait pentsamendu ezkorrak alde batera uztea. Azken urteetan hori hobetu dudala uste dut. «Nahiz eta gaizki entrenatu edo lo gutxi egin, lasai, dena ondo aterako da». Mezu hori bidaltzen diot buruari. Eta gozatzea, hori da gakoa.
Lasterketa oso azkarrak dira. Tarte oso eskasean dena eman behar duzu. Nola daramazu hori?
100 metrokoan ez da asko pentsatu behar, dena eman, eta listo. 200 metrokoa, nahiz eta distantzia laburra izan, bada kudeaketa puntu bat eskatzen duen lasterketa. Ez da gehiegi pentsatu behar, dena eman behar da, eta listo. Entrenatutakoaz gogoratu, teknikoki ahalik eta hoberen joan, eta energia ez gastatu gastatu behar ez diren gauzetan. Hori da gakoa. Energia hori ongi banatu eta kudeatu behar da.
Zerbait gaizki ateratzen bada, fruiturik ez. Gogorra da hori?
Edozein akats egiten baduzu, akabo lasterketa; frustragarria izaten da batzuetan. Alde horretatik, oso garrantzitsua da konpetizioan oso sartuta egotea, zentratuta egotea eta bisualizatzea zer egin behar den, eta hori egitea. Burua horretan izan behar duzu.
Marketatik harago, zein duzu hurrengo erronka?
Asteburu honetan Euskadiko selekzioarekin txapelketa dut Iruñean, 100 metrokoa. Maila oso altua egongo da. Lehen aldia izango da horrelako txapelketa batean parte hartzen dudala marka ona edukita. Beraz, bai ikusi nahi dudala neure burua eliteko jendearekin, ikusteko zein punturaino egia den beraien mailan edo antzekoan nagoela. Eta gero, pare bat aste barru, Espainiako Txapelketa dut. Han ziurrenik 200 metrokoan ariko naiz. Aurreko urteetan ere parte hartu dut, eta nahiko emaitza onak lortu ditudan arren, orain nahiko nuke ikusi saltotxo hori benetan eman ote dudan, eta borroka ea dezakedan helburu handiagoen bila.
Zein duzu ametsik gorena kirol honetan?
Nahiko berandu hasi nintzen atletismoan, 17 urterekin. Ordura arte futbola egin nuen, Allerrun eta Touringen hain zuzen. Lagunekin egotearren egiten nuen. Baina bereziki korrika egitea nuen gustuko, eta atletismora apuntatu nintzen. Ikusten denez, hobeto aritzen naiz hemen futbolean baino [barrez]. Ametsik gorena? Olinpiar Joko batzuetan parte hartzea esango nizuke, baina oso-oso urruti ikusten dut. Hasi nintzenetik egin nahi nituen gauza guztiak egin ditudala uste dut. Orduan, oraindik hemen jarraitzen badut gozatzen dudalako da, lehiaz asko gozatzen dudalako eta ez dakidalako oraindik zein den nire muga: horren bila joan nahi dut. Baina esango nuke nazioarteko txapelketa batean parte hartzea gustatuko litzaidakeela. Hain berandu hasi nintzen, ez nuela azpiko kategorietan aritzeko aukerarik izan. Gainera, nire urte onena pandemia garaian izan zen, 23 urtez azpiko kategorian: orduan nazioarteko txapelketetara joateko nengoen, baina ez zen lehiaketarik izan, tamalez. Arantzatxo hori geratu zait. Ez dakit hori lortuko dudan edo ez, baina saiatuko naiz. Baina, bestela, bihar esaten badidate hau bukatzen dela, ni kontent joango nintzateke. Asebeteta nago.
Zer behar da distantzia laburretan ongi aritzeko?
Egia da agian beste distantzietan ez bezala eduki behar dela oinarri apur bat, zorte hori eduki behar dela. Egia da abiadura ez dela erraza entrenatzen, nire entrenatzailea oso ona da eta bere entrenamenduek asko lagundu didate. Korrika asko egiten dugu, eta indartsu, distantzia motzak gehienetan. Beti galdetzen didate lagunek: «Eta Behobia-Donostian zer egingo zenuke?». Erantzuten diet: «Ez nuke Behobia egingo, oso luze egingo zitzaidalako» [barrez]. Guk distantzia laburrak egiten ditugu, serie asko egiten ditugu, ia topera. Eta gero gimnasioko lana ere bai. Asko gozatzen dut kirol honekin, baina aldi berean gogorra da.
Atletismoaren hamaika adarretatik, zergatik aukeratu zenuen hau?
Hasi nintzenean egia da distantzia laburretan ez nuela pentsatzen. Lasterketa herrikoiak egiten nituen lehen, eta horrek bultzatu zidan, horrek eman zidan atletismoan apuntatzeko gogoa. San Silbestrea eta horrelako lasterketek harrapatu ninduten. Hasi eta berehala ikusi nuen bereziki ongi aritzen nintzela distantzia motzetan. Adibidez, hesietarako, saltoetarako, oso txarra naiz. Berandu hasi izanak uste dut eragina izan duela horretan. Ez nuen oinarri, teknika eta esperientzia hori. Alde horretatik badut pena puntu bat, baina, tira, honaino iritsi naiz ibilbide hori izanda. Beste modu batean agian ez nintzen honaino iritsiko, auskalo.