[Elkarrizketa] "Jende dezente etortzen zaigu, ‘feedback’ oso ona ematen dute, eta oso eskertua"
Hamargarrenez egingo dute madalenetan Indiorock jaialdia. Aurten, gainera, larunbatarekin tokatu da musikazaleen onurarako ekitaldia.
Madalen Eguneko tradizio bilakatu da Indiorock. Zortzi kontzertu programatu dituzte, hainbat gunetan, estilo ezberdinetakoak. Iker Eizagirre Indio-k kontatu ditu xehetasunak. Jaialdiaren kartelera osoa ikusteko, klik egin hemen (PDF artxiboa zabalduko da).
Hau da hamargarren ekitaldia. Nola hasi zineten kontzertuak antolatzen?
2012an hasi ginen. Lehenago, Landare tabernan kontzertuak antolatzen nituen, eta gero salto egin genuen kalera, madalenetan kamioi baten gainean antolatzen ziren kontzertuekin, Maria Lezo kalean bertan.
Herriko eta inguruko taldeei aukera eman nahi genien, baita gune berriak sortu ere. Horrela hasi nintzen. Ideia neukan, eta lagun on asko [barre egin du]. Sei lagun elkartu ginen; musika taldea zeukan baten batek, eta haien ekipoarekin hasi ginen.
2018an ez genuen egin, Zituenerekin hasi ginelako. Pandemiarekin formatua aldatu zen; zortzi kontzertu beharrean lau antolatu genituen, eta guztiak toki berean izan ziren.
Zerbait bereziarekin ospatuko duzue?
Aurtengo ekitaldirako aurrez jo duten hainbat talde ekarri nahi genituen, baina baten bat lortu dugu: Katanga Dub, Noa & Hell Drinkers… Baina gainontzekoak berriak dira. Festarekin bukatzeko, DJa jarriko dugu txosnetan, Dantzall Sound. Hori da berritasunetako bat.
Uztailaren 22a egun gogorra izan ohi da parrandazaleentzat. Indiorockek zer nolako erantzuna izan ohi du?
Oso ona. Pasatzen naiz kontzertu guztietatik, baina ez ditut bost minutu baino gehiago ikusten, ez didalako denborarik ematen. Hurrengo egunetan, hori bai, jende dezente etortzen zaigu; feedback oso ona ematen dute, eta oso eskertua. Gainera, ez da ohiko formatua. Ibilbidea egin beharrak badu zera hori.
Esan duzu bost minutu bakarrik ikus ditzakezula. Asebetetzen al dizu, hainbeste lan egin eta gero?
Gusturago egongo nintzateke kontzertuak osorik ikusten, baina gustuko dudana da ikustea ekarri ditugun talde horiek ongi eta eroso daudela: zaintzea, mimatzea… Agertokian egon ondoren beraiekin hitz egin eta ederki egon direla jakitea…
Gune bakoitzean arduradun bat dago, baina atzera eta aurrera ibiltzen naiz, eta ezin naiz asko geratu. Hala ere, ikusten dudan apurra, gustatzen zait. Eta are gehiago, haiek gustura ikustea. Horrekin kontent geratzen naiz.
Talde asko pasatu dira ekitaldi hauetan guztietan. Ba al duzu momentu gogoangarririk?
Dezente egon dira, baita harrituta utzi nautenak ere. Gustatzen zait plaza beteta ikustea, taldearen pozerako. Ez da gauza bera kontzertu bat lau katurekin ikustea… Ikusten aritu naiz zein musika estilo edo talde motak funtzionatzen duen toki bakoitzean, eta horren arabera nola egokitzen diren. Iaz Harresian Zulo txosnetan, Noa & Hell Drinkers pandemiaren aurretik, iaz Trilitak Gailurren… Bestalde, Leku Zaharra tabernako gunean giro oso polita sortzen da.
Eduki aldetik, zer espero da?
Urtero bezala, estilo eta musika ezberdinak egongo dira. Raitx bakarlariarekin hasiko gara Gailurren, Piko bakarlaria gero arituko da Euskal Gunean, txosnetan Oiartzungo Hamabi, Gailurren Katanga Dub taldea saltsazalea, Odei Barroso raperoa dator, Kristonak rockeroagoa bukatu baino lehen…
Larunbatean egokitu da aurten…
Iaz ostirala izan zen, eta nahiko jendetsua suertatu zen. Eta aurten larunbatarekin… ea zer datorkigun gainera! Hilaren 22an gauza asko daude. Hori bai, hurrengo egunean Kuadrillen Eguna izango da, eta jendeak indarrak gordetzen ditu. Hasieratik esan genuen ez genuela oso berandu bukatuko —03:00etan—. Ordu polita da etxera lo egitera joan eta biharamunean Kuadrillen Egunarekin gozatzen jarraitzeko.