Orgasmo proiektua aurkeztuko dute gaur gazte sortzaileek
Iazko apirilean aurkeztu zuten manifestua, eta gaur arratsaldean egingo dute aurkezpen ekitaldia, gazte sortzaileen emanaldiekin.
Orgasmo (Oiartzungo Gazte Sortzaileak) taldeak orain dela urtebete pasatxo hasi zuen bere ibilbidea. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte ordutik, askotariko diziplinak batzen dituztenak: musika, dantza, antzerkia, zinema… Horrez gain, manifestu bat aurkeztu ere aurkeztu zuten; iazko apirilean, zehazki.
Oraindik egin gabe zutena, baina, aurkezpen ekitaldia zen. Gaur —hilak 27, osteguna— izango da proiektuaren nondik norakoen berri emateko saioa.
Udaletxeko pleno aretoan jarri dute zita, 19:34an. Orgasmo egitasmoa aurkezteaz gain, hainbat gazte eta sortzailek parte hartuko dute ekitaldian: Bengo abeslariak, Irati Muñoz dantzariak eta beste gonbidatu batzuek.
Gainera, Orgasmoko kide batzuek sortu duten Zama film laburra ere proiektatuko dutela jakinarazi du gazte sortzaileen taldeak.