I. Txirrita Mendi Lasterketa arrakastatsua izan da
Altza, Errenteria-Orereta eta Astigarragatik pasa den mendi lasterketan 150 korrikalarik hartu dute parte. Azkarrenak, Ibai Makazaga eta Erika Alvarez izan dira.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2023/08/53098157694_409d99ae67_c.jpg)
Atzo jokatu zen I. Txirrita Mendi Lasterketa Altza, Errenteria-Orereta eta Astigarraga herrien bueltan egin dena. Guztira, 185 korrikalarik emana zuten izena lehen edizio honetan, baina, azkenean, 150 lagun izan ziren bertaratu zirenak.
Ibilaldia 09:30ean hasi zen Altzako San Martzial plazatik eta Astigarragan bukatu zen 16, 7 kilometroko lasterketa. Lehen korrikalari gizona 10:45ean iritsi zen, Ibai Makazaga Aristi oriotarra hain zuzen (1:15:16) ; emakume azkarrena Erika Alvarez Alduncin aresoarra izan zen 1:32:19-ko denborarekin. Sailkapena osorik lotura honetan kontsulta daiteke.
Horrez gain, lasterketa zuzenean ikusteko aukera ere eskaini dute antolatzaileek, streaming bidez jarraitzeko aukera eskaini baitzuten “arrakasta handiz”. Esteka honetara jo behar da horretarako. “Antolatzaileok oso eskertuta gaude gure alboan buru belarri eta borondatetsu lanean egon den ekipo teknikoari. Horiek guztiek gabe ezin izango genuke ideia zoro hori aurrera eraman”.
Antolatzaileak “oso pozik” bukatu zuten lasterketak jasotako erantzunarekin. “Lasterketa antolatzen hasi ginenean jarri genituen aurreikuspen guztiak bete direla esan dezakegu. Beraz, I. Txirrita mendi lasterketaren balorazio oso positiboa egiten dugu”.