Enrike Abril txapelketaren 60. ekitaldia asteburuan hasiko da

Sei taldek hartuko dute parte txapelketan, tartean Oiartzungo Txostek. Igandean Kapito Harri jasoko du Beheko Plazan.

Txosteko jokalari bat, iaz, Beheko Plazan [Arg.: gipuzkoapilota.eus].

2023-2024 denboraldia Enrike Abril errebote txapelketarekin hasiko da. Sei taldek hartuko dute parte, tartean Oiartzungo Txost pilota elkarteak.

A multzoan arituko dira oiartzuarrak, eta ligaxkako partida guztiak Beheko Plazan jokatuko dituzte. Lehenengoa, igande honetan bertan —irailak 3— izango da, 10:30ean hasita.

Uztaritzeko Kapito Harri izango dute arerio estreinako partidan. Multzoa osatzen duen beste taldea ere Lapurdikoa da; zehazki, Donibane Lohizuneko Luzean taldea.

B multzoko hiru taldeak honakoak izango dira: Kanboko Kanboarrak, Amasa-Villabonako Behar Zana eta Zubieta.

Hiru jardunaldiak datozen hiru asteburuetan jokatuko dira. Multzo bakoitzeko lehen sailkatuak finalerdietara pasatuko dira zuzenean, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek final-laurdenetan neurtu beharko dituzte indarrak finalerdietako beste txartelak lortzeko.

Eguraldiak ez badu baldintzatzen txapelketaren martxa, irailaren 24ko asteburuan izango dira ikusgai final-laurdenak eta urriaren 1ekoan finalerdiak.

Urriaren 8an jokatuko dute finala, Villabonako errebote plazan.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.