'Beruna urre', eskualdean grabatutako Beleren bideoklip berria
Gaur ikusi du argia Lide Hernandoren azken proiektuaren bigarren abestiak. Oarsoaldeko hainbat txokotan hartu du lur produkzioak.
Lide Hernando artista donostiarrak Bele proiektu berriaren aterkipeko bigarren abestia kaleratu du gaur, Beruna urre. Holy Fire estudioak zuzendutako eta IN estudioak ekoitziriko bideoklipa Oarsoaldean grabatu dute. Bideoaren hiru minutuetan ikus daitezke, besteak beste, Pasaiako badiako zenbait txoko, Alaberga, Lezo, Kaputxinoak…
Maiatzean aurkeztu zuen Hernandok proiektu berria. Liher taldeko abeslaria ere da hura, baina gogotsu zegoen rockaz haratago joan eta haren erreietan sentitzen dituen bluesa eta soula berrartzeko. “Berez, hortik bainator ni”, argitu zuen Instagram bidez proiektuaren berri eman zienean plataforma hartako erabiltzaileei.
Ordutik hiru hilabete joan dira, eta dagoeneko bi abesti kaleratu ditu Belek: Zerua irabazi eta Beruna urre. Lehenengo horrek bi hilabetean 6.100dik gora ikustaldi jaso ditu.
Beruna urre
“Abestiak gure herrian artea eta kulturarengatik, artea eta kulturarentzako, gau eta egun lanean ari garenon izerdia aldarrikatu nahi du”, mintzatu da abeslaria. “Apenas zilarrik gabe beruna urre bihurtzeko daukagun senari, edo, senari baino, burugogorkeriari eskaini nahi izan dizkiodan lerro oker batzuk dira”.
Hernandok aitortu du musikaren munduan %100 murgiltzen saiatzeko aurreko ogibidea utzi duela: “Benetan gustura eta lantalde polit baten parte izatera eraman nauen lana, hilero-hilero bizitza eroso bat eramateko sostengua ematen zidan lana”. Erabaki zaila izan dela aitor egin du. Mereziko du. Ikus, lan berriaren emaitzak…