[Elkarrizketa] «Bideak eraman nau kuestionatzera binariotasuna»
Hamabost urteko ibilbidea dauka atzean marrazkilari eta grabatzaile irundarrak. Musikarientzako egindako enkarguak dira beharbada bere lan ezagunenak, baina beste mila bide irekita ditu.
Iaz, Berako areto nagusian, zure marrazkilari eta grabatzaile ibilbide profesional luzeko lanen hautaketa batekin erakusketa bat jarri zenuen lehen aldiz. Akatsa da bidea, baina bada akatsik gabeko biderik. Zein izan zen hautaketa?
Erakusketa horrek zeukan ezaugarri garrantzitsuena da nire lan pertsonalak zirela. Bazegoen erakutsitako horien artean lanen bat disko baterako egina, Joseba Irazokirentzat egindako lan bat jarri nuen hain zuzen, Berakoa delako eta Josebarekin lan asko egin dudalako. Sei diskotan egin dut berarekin lan, eta bere herria denez, jartzeak zentzua zeukala jartzea pentsatu nuen. Baina, batez ere, nire lan pertsonalak izan ziren jarritakoak. Orain dela 15 urte hasi nintzen lan egiten musikarientzat batez ere. Gero, hori zabaltzen joan da, eta beste adar batzuk atera dira. Urte horietan guztietan banuen buruan noizbait nirea zen zerbait egitea, nahiz eta enkargu horietan hasieratik ia askatasun handia ematen didaten. Orduan, nahi nuen egin zerbait ez zena enkargu baten ondorioa, nire buruari diziplina ezarri nahi nion. Errazagoa delako lan egitea entregatzeko data bat daukazunean.
Bide horretan, bildu ziren nik deitzen ditudan grabatu botanikoak, zuhaitz formak erabiltzen egindakoak. Grabatuetan, tetrabrikak erabiltzen hasitako beste bide bat ere badut. Horiek biak nire kabuz hasitako bideak izan dira. Niretzako egindako lanak, ez munduarentzat. Pentsatzen dut pandemian edo konfinamenduan hainbeste denbora pasa izanak, buruan hainbeste denboran izan nuenari ekiteko indarra eman zidala. Mugarri bat izan zen.
Izenburuan ere badago mamia. Akatsa da bidea, baina bada akatsik gabeko biderik. Zer iradoki nahi duzu?
[Barre egiten du] Akatsa da bidea ez da nire gauza bakarrik, badaude ontzi berberean goazen beste bidaiariak, Nagore Legarreta edota Inoren Ero Ni bezalako taldeak, adibidez. Sorkuntza prozesuari indarra jartzea da azken finean. Helburuan pentsatzeak martxan jartzen zaitu, baina, gero, prozesuak berak eramaten zaitu alde batera edo bestera, eta akatsak egiten dituzu. Gainera, egiten baduzu prozesu bat oso organikoa eta materikoa dena, eskuz adibidez, akats asko egiten dira, eta horietako batzuk bideak zabaltzen dituzte. Hortik doa Akatsa da bidea. Gernikako Astran egin nuen erakusketak ere izen hori zuen. Errepikatu nuen hainbeste aldiz esaldia, konturatu nintzela idealizatzen ari nintzela akatsarena, eta askotan akatsak, akats direla eta ez dutela biderik zabaltzen. Bigarren zatia, beraz, Berako erakusketarako pentsatu nuen, nire buruarekiko txantxa modura. Eta Nagorerekin eta beste batzuekin ere txantxa egin nahi izan nuen.
Hautaketa egiteak baditu bere konplexutasunak.
Aukeraketa egin behar zen, eta horrek zentzua eduki behar zuen. Azkenean, ez dakit kanpotik zentzua ikusten den, baina nolabait zentzua eduki behar zuen proposatzen nuen ibilbideak.
Donostiako Sustrai kreperian erretratuen erakusketa bat jarri zenuen apirilean A se arpegiya. Horiek ere lan pertsonalak?
Bertako Nagore laguna dut aspalditik, eta beti esaten zidan zerbait jartzeko. Erretratuak jartzea erabaki nuen. Beran eta Leitzan jarritakoaren parte bat, gehi beste erretratu batzuk izan ziren. Konfinamenduaren aurretik ez nituen erretratuak egiten, gauza abstraktuagoak egiten nituen. Gorputzak ere bai, baina erretratuekin garai horretan hasi nintzen, ez dakit zergatik. Nire buruari eman nion azalpena izan zen, bada, azkenean, etxean gordeta, konfinatuta, lagunen aurpegiak ikusi ezinik… Aurpegiak faltan bota nituen, eta hasi nintzen ordura arte asko egin ez nuena egiten: erretratuak. Pintura klasikoan eta errenazimenduan erretratuak nola marrazten eta pintatzen zituzten begiratzen hasi nintzen, zein kolore dituen azalak… Ordura arte zuria eta beltza, eta batzuetan gorria edo beste koloreren bat erabiltzen nituen. Ñabardura horietan guztietan arreta jartzen hasi nintzen, eta egia esan, horretan segitzen dut.
«Konfinamenduaren aurretik ez nituen erretratuak egiten, gauza abstraktuagoak bai»
Hainbeste denbora aurpegirik ikusi gabe, imajinazioari emango zenion erretratu horiek sortzeko, ezta?
Ez nituen lagunen erretratuak egiten. Pentsatzen dut izan zela gizakien presentziaren faltak bultzatutako zerbait. Azkenean, pinturaren historian zehar oinarrietako bat da erretratua. Lehengoan irakurri nuen zinema zuzendari batek esaten zuela pelikulak pertsonei buruz egiten direla, eta liburuak ere bai. Erretratuak egiten gustura nabil, eta konturatu naiz eskua askatu dudala horretan.
Marrazteaz gain, grabatua ere egiten duzu. Duela ez askoko elkarrizketa batean esan zenuen Arima taldearen azalerako rigatino teknika erabili zenuela. Zer du teknika horrek berezi?
Zaharberritzailea den lagun bat daukat, Lur Ijurko, eta esan zidan zaharberritzen direnean Erdi Aroko edo edozein garaiko koadroak, eta horietan aurpegiaren parte bat falta bada adibidez, erabili beharrean marrazteko teknika, erabiltzen dela rigatino teknika. Urrunetik begiratuta originalarekiko nahiko antzeko ikustea lortzea da helburua, eta gerturatuta zaharberritu egin dela nabaritzea. Hori egiteko hartzen dira koloreak, eta egiten dira marka oso nabariak. Urrunetik ikustean, kolore uniforme bat dela ematen du. Baina gertutik marratxo horiek guztiak ikusten dira, eta zaharberritzaileen marka da hori. Ideia gustatu zitzaidan eta, gainera, ikusi nuen Arimako Paule Bilbao disko honekin zer ari zen egiten, hitz egin nuen berarekin zentzua bilatu nahian, eta bat egin genuen.
Normalean, lehenik, letrak irakurtzen ditut. Gero, letra horien artean bilatzen ditut zein zubi edo ideia egon daitezkeen kantu guztietan, eta hori partekatu idatzi duenarekin. Batzuetan guai izaten da, harritzen dituzulako; beraiek zerbaiti buruz idatzi dute, baina ez dira konturatu aipatzen dutela askotan hitz edo kontzeptu bat, eta eztabaida hori polita izaten da. Paulerekin, gainera, oso erraza izan zen lan egitea. Diskoan kontatutakoa momentu kritiko bat zen, desamodio bat, baina ez zu batekin, baizik eta ni batekin. Errestaurazio moduko bat izan zen.
Publiko egiten dituzun erretratu asko ez dira genero normaren barruan dauden aurpegiak. Genero ez binarioak, queer direla esango zenuke?
Asko pentsatzen dut horretan aspalditik. Lehen, beharbada, ez ziren hain ez binarioak baina, adibidez, emakumearen gorputzaren inguruan gogoeta egiten daramat urte asko, eta ikusten nuen erantzukizuna dugula sortzaileok sortzen ditugun eta bokazio publikoa izango duten irudiekin. Ahal zarelako egon indartzen presio edo hegemonia bat, edo ez. Hori hautu politiko bat bezala ulertzen dut, eta garai batean uste nuen nire erantzukizuna zela horretan ez parte hartzea, ekosistema tiraniko eta zapaltzaile horretan. Hortik abiatuta, eta nire bizitza pertsonalean bizi izan dudanagatik eta inguruan ditudan lagunengatik, bideak eraman nau kuestionatzera binariotasuna, eta nire ingurune hori irudikatzera. Alde batera utzita erantzukizun politikoa edo soziala, interesgarria da teknika aldetik erretratu bat egiten duzunean nola zenbait trazurekin gure garunak irakurtzen duen erretratu hori gizon edo emakume bezala. Aldaketa oso txikiekin ikusten da muga oso lausoa dela. Ikusi dut nola jolas daitekeen horrela gure buruarekin. Horretan asko pentsatu dut. Gustatuko litzaidake momentu batean egitea erakusketa bat erretratu ia berdinekin, baina aldaketa txiki horiek eginda, ikusteko gure buruan nola ditugun gauza batzuk idatzita generoa irakurtzerako orduan. Izorratzeko ere egingo nuke.
«Zenbait trazurekin gure garunak irakurtzen du gizona edo emakumea»
Marrazkilaria izateaz gain, musikan ere bazabiltza, DJ bezala. Pandemiak bide horretan gehiago sakontzeko aukera eman zizula esana duzu. Musikan ere presente dituzu pertsona ez normatiboen ahotsak?
Ezin naiz horretaz abstraitu. Pintxatzen dudan musika nahiko zabala da. Askotan emakumeen musika da, eta normalean ez dira ahots zuriak. Normalean izaten dira emakumeak ahots ez estandarrak dituztenak, edo espresatzeko modua oso estandarra ez dutenak. Beste kasuetan beraien bizitzari buruz irakurri izan dut, eta borrokalariak eta pioneroak izan direnak ere jartzen ditut. Ahotsik ez duen musika asko jartzen dut. Era berean, erabakitzen dut non pintxatu nahi dudan. Zure musikak letrarik ez izan arren, nola egiten duzun, non eta norekin, badu inportantzia. Normalean espazio okupatuetan edo gaztetxetan izaten naiz, edo queer festetan.
Musikak daukan gauza zoragarria da unean uneko zerbait dela ia denbora guztian. Uneoro zaude momentuan, eta gozamena da hori. Horregatik, ordu pila bat nahi izaten dut pasa pintxatzen, bizioa da ez egotea arduratuta lehenaldiaz edo geroaz. Zerbait oso emozionala da; beraz, nor duzun aurrean eta non zauden ere niretzako eragin izugarria du saioa arina edo ez egiterakoan. Jendearekin konektatzen ari naizen toki batean banago, hobeto pintxatzen dut.
«Bizioa da ez egotea arduratuta lehenaldiaz edo geroaz»
Nora segi nahi zenuke musikarekin?
Ez dakit. Beti planteatu izan dut marrazkia, pintura eta grabatua zerbait profesionalagoa bezala, eta musika zerbait ludikoagoa bezala. Artearen munduan ere berdina gertatzen zait: ikusten dudanean profesionalagoa den mundua eta nola mugitzen den hori, atzera egitea eragiten dit. Problema bat da, baina artista askori gertatzen zaigu hori.
Korrokoitz karrikan bizi zara, eta udalak martxan daukan proiektuaren arabera, zure etxea botako dutenen artean dago. Gai horrekin zerbait landu duzu?
Badirudi datorren urtean Korrokoitz kaleko lanak hasiko direla eta nire etxea eta beste batzuk botako dituztela. Horren bueltan baditut proiektu pare bat, eta horietako bat litzateke liburu bat egitea Moskuri buruzkoa, nire Moskuri buruzkoa. Liburu bat argazki, ilustrazio, eta grabatuekin… Testua ere izango du, beharbada. Bestetik, dokumental moduko bat egitea dut buruan. Esan dezaket baditudala buruan proiektu pare bat desagertzear edo aldatzear dagoen Mosku baten inguruan. Memoria hori jasoko dutenak eta aldarrikatuko dutenak.