Ekintzez jositako ikasturtea Gaztañoko auzo lokalean
Udako oporraldiaren ostean, indarberrituta dator Gaztañoko auzo lokala. Azken bost urteetako lan ildoari jarraituta, hainbat ikastaro egingo dituzte, baita hitzaldi interesgarriak antolatzen jarraitu ere.
Udako oporraldiaren ostean, indarberrituta dator Gaztañoko Auzo Elkartea. Bost urte dira ikastaro eta tailerrak lokal berrian antolatzen hasi zirenetik, baita, hitzaldi, solasaldi eta liburu aurkezpenei ekin zietenetik ere, eta ildo beretik jarraituko du ikasturte berrian. Orain arte eskaini dituzten lau tailerrak mantendu dituztela jakinarazi dute arduradunek: «Ikastaro horiek arrakastatsuak dira parte hartzen ari den jende kopurua kontuan hartuta, eta ikasturte berrian horiek eskaintzen jarraituko dugu».
Urrian hasiko dituzte ikastaroak, eta bateren batean parte hartu nahi dutenei auzo lokaletik pasa eta informazioa eskatzera animatu ditu auzo elkarteak. Taijiquan ikastaroa astelehenetan egingo dute, 18:15etik 20:00etara; dantza afrikarra astean bitan izango da, astearteetan 17:00etatik 20:00etara eta ostegunetan 16:00etatik 18:00etara; trikitia, berriz, asteazkenetan izango da 15:00etatik 20:00etara; euskal dantzen tailerra, azkenik, ostegunetan egingo dute, 18:30etik 19:40ra.
Horrekin batera ARTibista tailer okupazionala ere hartuko du Gaztañoko auzoko lokalak. Astean bitan izango dute hitzordua tailer horretan parte hartzen dutenek, astearte eta ostiral goizetan, zehazki, 09:30etik 12:30era. Azken hori urria eta abendua bitartean egingo dute.
Aipatutako tailer guztiak beste urteetan egindakoak dira, baina auzo elkarteak ez dizkio ateak itxi proiektu berriei. Aurreratu duenez, proposamen berriak osatzen ari dira eta horien berri aurrerago emango dutela jakinarazi dute: «Ikastaro berri batzuk eskaintzeko aukera izango dugu laster, eta lotu bezain pronto emango dugu horien berri».
Erreferentzia espazioa Oarsoaldean
Ikastaroek arrakasta dutela nabarmendu du auzo elkarteak. Azken bost urteetan antolatu dituzten hitzaldi, solasaldi eta liburu aurkezpenekin beste hainbeste gertatu dela esan dute elkartekideek. Ikasturte berriarekin batera, egunerokotasuna eta interes betea duten gaien gaineko proposamen zerrenda osatzen hasiak dira auzo lokaleko arduradunak. Hilabetean behin, ostiralarekin, antolatzen dituzte solasaldi horiek, eta urritik abendura arteko egitaraua josita duela jakinarazi du Gaztañoko auzo lokalak, baita lehen gonbidatua izango denaren berri zabaldu ere: «Iñaki Egaña idazle, ikertzaile eta historiagilea izango da auzo lokalean. Ogro operazioaren gainean mintzatuko da». Aurtengo abenduaren 20an mende erdia beteko da ETAk Luis Carrero Blanco, Francoren ondorengoa izan behar zuena hil zuela. Gaia, «mamitsua» den zalantzarik ez dute antolatzaileek, eta ziur dira herritar ugari bilduko direla hitzaldira. Hilaren 8an izango da hitzaldia, 19:00etan, Gaztañoko auzo lokalean.
Auzotarrentzat zabalik
Ikasturtero antolatzen duten egitarauaz gain, auzo lokalaren ateak zabalik direla bizilagunentzat gogorarazi dute, «bateren batek proposamenak edota proiektuak baldin baditu, bertaratu eta gurekin hitz egin dezake».
Maritxu Sarea, hau da, Gaztañoko Guifi sareari ere egin diote erreferentzia, izan ere auzo lokalean du egoitza. Sare horretan parte hartu nahi duten bizilagunek auzo lokalera jo dezakete. «Auzotik auzoarentzat» lanean segitzeko deia egin dute: «Mugitzen den auzo bat ez da inoiz hilko».