Pasaian euskara ikasteko matrikulazio kanpaina zabaldu dute
Udal Euskaltegiak eta Txirrita AEK Euskaltegiak matrikulazioak ireki dituzte, eta Udalak diru laguntzak emango dizkie parte-hartzaileei.
Pasaiako Udalak herriko bi euskaltegiekin, Pasai Antxoko Txirrita AEK euskaltegiarekin eta Udal Euskaltegiarekin, landutako matrikulazio kanpaina aurkeztu dute gaur Antxoko biteri plazan. Bertan izan dira, Laura Re Pasaiako euskara zinegotzia, Raul Perez Txirrita AEK euskaltegiko ordezkaria eta Kontsuelo Gorostidi Udal Euskaltegiko zuzendaria. “Euskararekin denok irabazle” lelopean aurkeztu dute 2023/2024 ikasturtea, eta izen ematea ireki dute bi euskaltegietan.
Ikastaroei dagokienez, aurreko urteetako ikastaro bereziak mantenduko dituzte: mintzamena lantzeko ikastaroak, Pasaiako merkatarientzakoak, langabetuentzako ikastaro trinkoak eta euskara online ikastekoak. Ikastaro bereziez gain, ohiko ikastaroak eskaintzen jarraituko dute: 07:00etatik 21:00ak arteko ordutegian, 16 urtetik gorakoentzako 2 orduko eskolak.
“Aurten ere pasaitarrak animatu nahi ditugu euskara bere egin dezaten, eta euskara ikasi dezaten”, esan du Rek. Gehitu du, bi euskaltegiek ikastaro espezifikoak eskaintzen dituztela ordutegi malguekin eta iazko emaitza onak ikusita, Udalak laguntza ekonomikoa emango dituela ikasleei euskara ikastea errazteko asmoz.
Perezek azaldu du iaz egin zuten bezala langabetuek, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen dutenek eta Giza Larrialdietako Laguntza jasotzen dutenek, matrikularen %20a bakarrik ordaindu beharko dutela, eta eskola-orduen %85era baino gehiagora bertaratuz gero, Udalak kopurua itzuliko diela ikasturte amaieran. “Aukera bera eman nahi diegu euskara ulertu erre egiten ez duten pasaitarrei, beraz, hutsetik hasiko direnek eskaintza berdina jasoko dute”, kontatu du Perezek.
“Aurtengo berrikuntza hamasei eta hogeita hamar urte arteko gazteei zuzendutakoa da, matrikula ordaintzeko erraztasunak ere eskainiko dizkiegu eta”, dio Gorostidik. Udal euskaltegiko zuzendariak esan du, askotan adin tarte horretan diru-sarrera egonkorra izatea zaila egiten zaiela eta beraz, aukera ona izan daitekeela era horretara euskara ikasteko. “Hala ere, argi utzi nahi dut, asistentzia baldintzak betetzen ez duten ikasleek, aurreratutako dirua itzuli beharko dutela”.
Pasaiako gurasoentzako ikastetxeetan egiten diren saioak aurten ere egingo dituztela aipatu du Gorostidik: “Seme-alaben zentroetan eskainiko ditugu klaseak, egokitutako eduki eta ordutegiekin”. Gainera, gurasoen lan egoeraren arabera eta euskara mailaren arabera ordainduko dute matrikula, eta asistentzia baldintzak betez gero, %100a itzuliko zaie.
Laura Rek gogorarazi du edonork informazio gehiago nahiko balu Trintxerpeko Udal euskaltegira jo dezakeela 943 00 43 40 telefonora deituz, edo e-postara idatziz; edota Pasai Antxoko Txirrita euskaltegira deitu dezakeela 943 52 55 45 dei eginez edo e-postara idatziz.