Arragua eta Lartzabalgo biribilguneak asfaltatzeko, errepidea hiru gauetan itxita
Hilaren 10etik 13ra bitarteko gauetan itxita egongo da GI-2132 errepidea. Aldundiak alternatiben berri eman du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Errenteria-Orereta eta Oiartzun arteko bi biribilgune —Arraguakoa eta Larzabalgoa— asfaltatuko ditu. Lanak gauez egingo dituzte, irailaren 10etik 13ra.
Gau horietan itxita egongo da errepidea, Aldi eta Larzabal artean, 22:00etatik 06:00etara.
Errepidea itxita dagoen bitartean, trafiko arina Errenteria-Oreretako Nafarroa etorbidetik eta Vicente Cobreros kaletik desbidera daitekeela jakinarazi du aldundiak.
Trafiko astunaren kasuan, honakoak izango dira alternatibak:
- Ugaldetxo eta Talaia Aranguren industrialdeetatik eta Oiartzundik datozenei, AP-8 autobidetik desbideratzea gomendatzen zaie, eta GI-636 errepidera itzultzea hurrengo irteeretan.
- Lintzirin eta Lanbarren industrialdeetatik datozenei GI-636 errepidetik zirkulatzea gomendatzen zaie, Baionako noranzkoan, AP-8 autobidean sartu arte, Katea auzoan, eta 11. irteeran irtetea.
- Donostiatik eta Gipuzkoako gainerako lekuetatik datozenak Lintzirin eta Lanbarren industrialdeetara doan ibilbide luzeko trafikorako, GI-20 errepidea hartu eta GI-636 errepidetik desbideratu beharko dira.
- Baionatik, AP-8 autobidean barrena, Lintzirin eta Lanbarren industrialdeetara doan ibilbide luzeko trafikorako, 7. irteeran atera beharko da eta GI-636 errepideaa zeharkatu.