"Aldi emankor osoan eragingo du lehen hilekoa bizitzeko erak "
Berebizikoa da lehen hilekoak duen garrantzia emakumearen bizitza osoan. Horretaz jabetzeko eta menstruazioarekin harreman osasuntsua izateko tailerra eskainiko du Rosinok.
Lehen hilekoen kit praktikoa ikastaroa emango duzu Osina Ekogunean urria eta azaroan, 10 eta 14 urte arteko neskei begira. Zer ikasiko dute bertan parte hartuko dutenek?
Bizitzen ari diren aldi hain garrantzitsua ezagutzeko espazio eta unea hartuko dugu, izango dituzten aldaketak ulertzeko. Batez ere ziklo menstrualean zentratuko gara, eta bereziki, menarkian, lehen hilekoaren helduera dena, alegia. Etapa horretara iristen garenean gertatzen dena ezagutuko dugu tailerrean, izango dituzten aldaketa emozional, fisiko, eta mentalak aztertuko ditugu, baita harremanetan izango diren aldaketak ere. Horretarako ariketa praktikoak egingo ditugu, gogoetarako galderak, eta hainbat jolas parte hartzaile bakoitza jabetu dadin egiten ari den aldaketaz, bakoitza ezberdina garelako. Halaber, lehen hileko hori zergatik den hain garrantzitsua ere landuko dugu, daukan balioa emango diogu. Izan ere, lehen hileko hori bizitzeko moduak gure aldi emankor osoan eragina izango du. Kontuan hartu emakumeok 40 urtez menstruatzen dugula.
Deigarria da, orokorra delako, menstruazioaren gainean dauden uste negatiboak. Emakumeen gorputzean hain naturala eta berezkoa den hilekoa zailtasunekin eta arazoekin lotuta bizitzea kuriosoa da, are gehiago, kontuan hartzen badugu orekaz biziz gero oso bestelako moduan biziko genukeela. Areago, hilekoa aldekoa dugu, onura ugari dituelako emakumeontzat, eta modu orekatuan biziz gero sor daitezkeen zailtasunak gainditzeko eskura izango ditugu beharrezko baliabideak. Higiene menstrualaz ere hitz egingo dugu neska gazteekin, hau da, ez zikintzeko eskura ditugun baliabide guztiak mahai gainean jarriko ditugu.
Diagrama menstruala ere izango dugu hizpide, eta batez ere, parte hartuko duten horien kezkak eta zalantzak uxatu eta argitzen egingo dugu lan, beraien ezaugarrietara moldatuta.
Berebiziko garrantzia du, esan duzunaren arabera, hilekoaren gaia egoki lantzea oso gaztetatik eta beste ikuspegi batetik, ezta?
Hala da. Hazi gintuzten moduagatik dugu barneratua menstruatzeak arazoak sortzen dituela, ondoeza eragiten duela, eta deserosoa dela. Horrela bizi dezakegu, noski, baina ez du zertan hala izan.
Tailerraren bidez mito asko apurtuko ditugu, nahaste handia dagoelako.
Zein dira mito horiek?
Asko daude, baina zerbait nabarmentzekotan, beldurra esango nuke. Neskak beldur handiz etortzen dira, mina emango dien beldurrez, zikindu eta besteek barre egingo dieten beldurrez, menstruazioarekiko iritzi ezkorrekin: «Hau rollo bat da, a zer mobida»
Batzuei, gainera, esaten diete emakume bihurtu direla, eta horrek karga ikaragarria suposatzen du. Hasteko ez da egia, neska nerabeak izaten jarraituko dute, baina orain hilekoa dute; bizitza lau fase ezberdinetatik ikus dezakete eta ez bakarretik, lehenengo hilekoa heldu arte bezala —obulazio aurrekoa, obulazioa, menstruazio aurrekoa eta hilekoa—, eta ugaldu daitezke. Horiek dira izango dituzten hiru aldaketa handiak. Horrela azaltzeak, zama arintzen die.
Zer egin beste modu batean, mentalitate egoki batetik bizitzeko menstruazio zikloa?
Lehenik eta behin ezagutzan sakondu, ideietatik abiatuta baina leku ezberdin batetik. Oso gutxitan sartzen garen emozioen munduan sartuko gara tailerrean, eta dagokion lekuan jarriko dugu emozioen mundua. Burmuinaren eskuin aldearekin zerikusia duen oro oso abandonatuta dago oraindik, ez zaio arretarik jartzen, ez da balioesten. Hemisferio horretan femeninoaren ezaugarriak daude, eta denok partekatzen ditugu, pertsona orok, maskulinoa dagoen bezala. Baina gizarteak erakutsi digu ezker hemisferioan maskulinoa dela dena gidatzen eta zuzentzen duena, balio eta botere handiena duena dela. Ez da egia, baina uste hori dugunez, hortik funtzionatzen dugu, eta beste hemisferioa, alderdi femeninoarekin zerikusia duena, bigarren maila batean gelditzen da.
Menstruatzen dugunean eskuin hemisferioa dugu martxan, batez ere menstruazio aurreko eta menstruazioko aldietan. Horregatik sentitzen dugu zaila dela menstruatzea gizarte honetan, nekosoa dela hilekoa, oraindik ere eskuin hemisferioak ez duelako behar duen lekua jendartean.
Gizarteak ez dio merezi duen garrantzia ematen menstruazioari.
Sozialki kultura menstrualik ez dago, ez dugu oraindik ulertzen aurretik aipatu dudana, eta ezezagunak ditugu ziklo menstrualaren faseak ere. Izan ere, menstruazioak lau fase ditu, eta horietako bakoitzean gure pentsamenduak, emozioak, harremantzeko modua, eta sentitzeko modua aldatu egingo dira, baina gizarteak duen funtzionatzeko eran, soilik lau fase horietako bik izango dute lekua: obulatu aurreko eta obulatzeko faseak. Bi horietan burmuinaren ezker hemisferioa da nagusi, hau da, alderdi maskulinoa. Eskuin hemisferioan sartzerakoan, hau da, menstruazioaren beste bi faseetan, desorekatu egiten da dena. Hau gertatzen da ez diogulako baliorik ematen sentitzeari, barne entzumenari, emozioari, gertatzen ari zaigun hori ezagutzeari…
Nola deseraikitzen da gizartean hain errotuta dagoen menstruazioaren gaineko ikuspegi eta iruditeria?
Ideien munduaren, emozioaren eta ekintzaren artean adostasuna aurkitu behar da. Hiru alderdi horien arteko barne koherentzia badugu, gure errealitatea transformatu egingo da. Niretzat ona dena, gainera, kanpokoentzat ere ona izango da.
Horretarako, ezinbestekoa da gure bizitzan behar-beharrezko dugun ongizatea eta osasuna erdiesteko ardura hartzea, horrela harreman positiboak, osasungarriak, orekatuak izango ditugu lehenik gure buruarekin, eta gero kanpoaldearekin. Sistema patriarkalak isolatu egin gaitu, emakumeen artean lehiaraztera, eta horregatik galdu dugu boterea; botere hori berreskuratu behar dugu, garen boterea, eta hori gugan arreta jarrita lortuko dugu.
Tailerra neska gazteei begirakoa da, baina baita familiei begirakoa ere. Biak, baina, aparte landuko dituzu.
Alabek ez dituzte guraso edota familien galdera eta kezka berak, ezta informazio behar bera ere, ez-eta hizkera bera ere. Egia da bi tailerretan komunak diren gai batzuk landuko ditugula, baina bi espazioek ez dute zerikusirik. Beldurrez, zalantzez, nerabezaroan gertatzen diren familia barruko harreman aldaketez, pizten ari diren bizipenez hitz egingo dugu. Bizipen horien akonpainamendua egingo dugu.
Garrantzitsua da ibilgua ibaiaren neurrira moldatzea, eta ez alderantziz; ibaia gu gara.
Nesken bizitzan berebiziko garrantzia duen menarkiaren aldian akonpainamendua egiteko pauta batzuk emango ditugu, eta parte hartuko duen familia bakoitzari egokitutakoak izango dira.
Zer egin daiteke etxetik edo ikastetxetik ezinbesteko gisa proposatzen duzun eraldaketa bide horretan laguntzeko?
Gauza asko egin daitezke, baina bat aipatuko dut oinarrizkoa dela uste dudalako: unea bizi, behar duen denbora eskainita. Presaka goaz beti leku guztietara, egin behar dugun hurrengoa buruan, edo aurretik gaizki egin dugun zerbaiti bueltaka. Askatu behar dugu hori, oraina bizi behar dugu, denbora eskaini kalitatez artatzeko gure burua, eta ondoan ditugun gaztetxoak. Gurasoei begira bi gako: presentzia eta entzute aktiboa. Hau lortzea urrats ikaragarria da jada.
Zergatik hartu behar dute parte tailerrean neska gazteek eta haien familiek?
Buruzaletasun ekintza izatearekin batera, norbera bizitzen ari den prozesuak errespetuz, onarpenez eta maitasunez begiratzeko modu bat delako, eta beharrezkoa dugun beste begirada horretaz jabetu ahal izateko.
Amarenea elkarteko Eva Rosino Cortes (Iruñea, 1985) sexologoa eta gizarte langileak gidatuko du Lehen hilekoen kit praktikoa ikastaroa. 10-14 urte arteko neska gazteei begirakoa da ikastaroa, baita haien familiei ere, baina bi espazio eta une ezberdinetan izango dira saioak.
Osina Ekoguneak (Donostia kalea, 15, Errenteria-Orereta) antolatu ditu saioak, eta bi hitzordu jarri dituzte. Urriaren 28an, larunbatarekin, izango da lehena. 11:00etatik 13:00etara familientzako saioa izango da, eta 15:30etik 17:30era, neskentzako saioa. Bigarren zita, berriz, azaroaren 4an izango da, eta ordutegi berak mantenduko dituzte familientzat eta neskentzat.
Ikastaroak gaztelaniaz izango dira, eta parte hartzeko 688 63 54 12 telefono zenbakira deitu behar da. Tailerren prezioa 90 eurokoa da.