Familia guneak, ludotekak, gaztelekuak eta Kuadrillategi berriro abian
Hilaren 14tik aurrera irekiko da familia guneetan, ludoteketan, gaztelekuetan eta kuadrilategin izen emateko aukera.
Urriaren 2tik aurrera jarriko dira martxan Errenteriako Udalak haur, gazte eta familientzako antolatzen dituen programak: Familia Gunea, Udal Ludotekak eta Gaztelekuak eta Kuadrillategi. Aurreko urteetan bezala, eskaintzak 0 eta 18 urte bitarteko adin-tartea hartzen dute; gainera, 0 eta 12 urte bitarteko adingabeen kasuan, eskaintzak familientzakoak ere badira.
Gaur egindako prentsaurrekoan Aitor Zorzano Gazteriako zinegotzi ordezkariak azaldu du aurtengoan berrikuntza egin nahi izan dutela, eta beraz, izen ematea telematikoki egiteko aukera izango dela. Gazteriaren webgunean jarriko dute aukera hilaren 14tik aurrera.
“Familia gunearen zerbitzua bera izango da, baina, kokapenean egin dugu aldaketa: Pablo Iglesias kaleko 11. zenbakira pasako da”, esan du Zorzanok. 0 eta 6 urte bitarteko haurrei eta haien familiei eskainitako zerbitzu hau astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:00etara izango da. Izen ematea beharrezkoa izango da, hilaren 28an itxiko da, eta Gazteriako zinegotziak azaldu duenez, Zu! Arreta Zerbitzuan edo telematikoki egin ahal izango da.
Familia Jolasean zerbitzuak 6 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familiei aisialdia euskaraz gozatzeko aukera emango die. Ekintza hori ostiralero egingo dute 17:30etik 19:30era Agustinak auzoan.
Bestetik, ludoteken zerbitzuak 6 eta 12 urte bitarteko haurrak jasoko dituzte Agustinetan, Beraunen, Erdigunean, Gabierrotan, Kaputxinoetan eta Markolan. “Ludoteketan izen emateko telematikoki egin ahal izango da, baita ludoteketan ere”, azaldu du Zorzanok. Ludoteken eta Familia Guneen kasuan, urte osoko kuota 42,91 eurkokoa da, eta hiru hilekoaren kuota 21,45 eurokoa. “Ordainketa egiterako garaian, familiaren ahalmenaren arabera progresibitatea eskatu daiteke, baina izen ematerakoan egin beharko da”, azpimarratu du zinegotziak.
Azkenik, Gaztelekuak eta Kuadrillategi, euskaraz ongi pasatzeko gogoa duten gazteei zuzendutako aukerak dira. Gaztelekuen kasuan, Beraun eta Gabierrota auzoetan, asteazkenetik larunbatera, 17:30etik 20:30erako tartean hezkuntza-aisialdiarekin lotzeko aukera izango dute bertaratu nahi duten gazteek.
Informazio gehiago behar izanez gero, gazteriako webgunean, e-postan edota telefonoz 943 44 96 06.