[Erreportajea] Dena irekita garaileak erabakitzeko
Kontxako Banderako lehen igandeak gauza asko argitu ditu, baina ezer gutxi erabaki. Gizonetan bost ontzi daude zazpi segundoko aldean. Emakumeetan, lau traineru lau segundotan. Oarso Bidasokoei dagokionean, Hondarribiko gizonek 15. Kontxa irabazteko aukera argiak dituzte. Bigarren postuan dira, Urdaibaitik segundo batera.
Kontxako Banderako lehen igandeko ondorengo egunak balantzea egiteko uneak izan ohi dira. Lehen jardunaldiak argi utzi du zein traineru izango diren bi bandera preziatuen lehian. Mutiletan zein nesketan lehia zirraragarriak aurreikusten dira igande honetan lehen jardunaldiko emaitzak kontuan hartuta. Gizonetan bost ontzi daude sailkatuta zazpi segundo pasatxoko denboran; emakumeetan, aldiz, lau eskifaia daude lau segundotan. Iragan igandeko estropadak hainbat traineru utzi ditu Kontxa lehiatzeko aukerarik gabe, baina ezer gutxi argitu du garaipenari dagokionean. Zaila litzateke apustua egitea ontzi baten edo bestearen alde, aldeak oso estuak dira.
Oarso Bidasoko traineruei erreparatuta, Hondarribiko gizonen eskifaia da Kontxako Banderaren lehian itsasoratuko den ontzi bakarra. Ama Guadalupekoa-k estropada bikaina osatu zuen Kontxako lehen igandean, eta 15. Kontxako Bandera lortzeko aukera argiekin irtengo dira berdeak bigarren jardunaldian. Hondarribiarrak lehen txandan irten ziren Orio, Donostiarra eta Zierbenarekin batera, eta berdintasuna nagusi izan zen, lau ontziak sei segundotan sailkatu baitziren. Berdintasuna nagusi izan arren, Ama Guadalupekoa izan zen ontzi azkarrena lehen txandan.
Mikel Orbañanos da Hondarribiko gizonen traineruaren prestatzailea, eta adierazi du «gustura» geratu zirela egindako estropadarekin: «Ikusirik zer txanda genuen bagenekien gogorra izango zela. Gure helburua txanda irabaztea zen. Bagenekien ez zela erraza izango, baina txanda irabazita helburu hori betetzat eman genuen».
Bigarren txandan, baina, faborito nagusia uretaratu zen: Urdaibai. Bi estropadaren faltan, Eusko Label Liga ziurtatua du hondamendirik gertatzen ez bada [Hondarribiak baino bederatzi puntu gehiago dauzka], eta bermeotarrek erakutsi zuten Kontxa honen lehian ere egongo direla. Joaneko luzean dudak izan baziren ere, Hondarribiak baino hamabi segundo gehiagoan gelditu baitzuten kronometroa, itzulikoan oso indartsu daudela erakutsi zuten, eta lehen jardunaldiko denbora onena markatu zuten Kontxako badian. Hondarribia baino segundo bat 25 ehunen azkarrago izan ziren, eta alde hori mantentzen ahaleginduko dira etzi. Hondarribiarrek, hortaz, bigarren postuan ekingo diote Kontxako bigarren igandeari.
Lehen jardunaldiko emaitzak ikusita, «aspaldiko lehiarik estuena» aurreikusi du Orbañanosek, bost ontzi baitaude zazpi segundotan. Lehia estu horretan 15. Kontxako Bandera eskuratzeko aukera argiak ditu Hondarribiak. Ama Guadalupekoa-ren prestatzaileak esan du estropada «irekia» izango dela, eta ziur da «gauzak ondo» egin beharko dituztela banderaren lehian egon nahi badute. Urdaibai, Hondarribia, Donostiarra eta Orio ohorezko txandan aterako dira igandean. Aukerekin dagoen bosgarren trainerua Zierbena da, Urdaibaitik zazpi segundora baitago. Galipoak, ordea, lehen txandan irtengo dira Cabo, Getaria eta Ondarroarekin, arerio izango dituzten ontzien erreferentzia zuzenik izan gabe.
Hondarribia, gainera, herriko festetan murgilduta dago, eta igandea egun berezia da herrian, Arrantzale Eguna baita. Orbañanosek onartu du «sekulakoa» litzatekeela Hondarribiarentzat bandera lortzea, are gehiago herriko festak izanik: «Ea banderarekin itzultzen garen».
Emakumeak
Emakumeetan Tolosaldea, Arraun Lagunak, Donostiarra eta Orio izango dira Kontxaren lehian. Lehen jardunaldian tolosarrek ezustekoa eman zuten denbora azkarrena markatuz. Aldeak, baina, oso estuak dira, lau ontzi horiek lau segundo pasatxoko denboran baitaude.
Oarso Bidasoko traineruak, Hibaika eta Hondarribia, ez dira bandera preziatuaren lehian izango, baina bien arteko lehia bat izango dute. Hibaika bosgarren da une honetan sailkapenean, eta Hondarribia, aldiz, seigarren, oreretarrengandik bi segundo pasatxora. Biek ala biek lehen txanda irabazi eta bosgarren izateko helburua dute, ohorezko txandako traineruak urrun baitituzte sailkapenean. Laugarren den Oriok, esaterako, hamabost segundo ateratzen dizkio Hibaikari eta hamazazpi Ama Guadalupekoa-ri.
Hibaika lehen txandan irten zen iragan igandean, eta fin aritu zen Madalen ontzia. Orio izan zen txandako garailea, baina Hibaika beste bi aurkariak baino gehiago izan zen. Zazpi segundo atera zizkion Zumaiari, eta hemezortzi Kaikuri. Iñaki Mendizabal da Hibaikaren prestatzailea, eta onartu du estropada «ona» egin zutela: «Estropada serioa egin genuen. Planteatutako guztia ondo atera zitzaigun, eta Oriorekin konparatuta, irlaraino hamar segundoko tartean geunden. Alde horretatik oso kontent gaude».
Hondarribia, aldiz, oilarrekin itsasoratu zen bigarren txandan, Tolosaldea, Arraun Lagunak eta Donostiarrarekin. berdeek aukera guztiak galdu zituzten joaneko luzean, Tolosaldeak baino hamalau segundo gehiago egin baitzituzten. Itzuliko luzean, baina, erlojupeko bat balitz bezala, hondarribiarrak hobeto egon ziren. Irabazleek baino hogeita bat segundo gehiago behar izan zituzten helmugara iristeko, baina Hibaikatik soilik bi segundora geratu ziren.
Iker Cortes Hondarribiko emakumeen entrenatzaileak baietsi du «gutxi gorabehera» beren mailan ibili zirela, eta «gustura» geratu zirela egindako lanarekin: «Joaneko luzean denbora dezente galdu genuen, baina itzulikoan gure mailan aritu ginen. Hor ikusi genuen Hibaikaren denboretan egongo ginela, denboraldi guztian ibili garen moduan. Alde horretatik pozik gaude. Gure txandan estropadatik atera gintuzten berehala, baina itzuliko luzearen ondoren gustura geratu gara».
Bigarren jardunaldira begira, bien helburua bosgarren postuan sailkatzea da. Mendizabalek zehaztu du erronka «zaila» izango dutela postua mantentzeko, Hondarribia soilik bi segundora baitago, eta Zumaia zazpira. Hala ere, argi du beren egitekoa: «Gure estropada egitera aterako gara. Ea lehen igandean bezain ondo ateratzen zaizkigun gauzak». Cortes Mendizabalen ildotik mintzatu da: «Gustura geratu eta estropada ona egin nahi dugu denboraldia ondo bukatzeko. Helburua da txanda irabazi eta Hibaikari bi segundo baino gehiago ateratzea».
Kontxako Banderaren ondoren, play-offak helburu
Kontxa pasata, ligetako igoerako eta jaitsierako play-offetan murgilduko dira Oarso Bidasoko traineruak hilaren 16 eta 17an. San Pedrorekin eta Hibaikarekin hitz egin du HITZA-k denboraldiko une erabakigarri horren atarian.
Kontxako Banderaren ondoren, estropaden egutegiak jarraipena izango du denboraldiaren azken txanpari ekiteko. Gizonen Eusko Label Liga bukatzeko bi estropada falta dira, eta Urdaibaik gertu du bigarren liga jarraian lortzeko aukera [bederatzi puntu ateratzen dizkio Hondarribiari]. Emakumeen EuskoTren Liga, aldiz, abuztuaren 20an bukatu zen Zarautzen, eta nagusitasunez gailendu zen Arraun Lagunak.
Oarso Bidasoko traineruak, ordea, beste erronka batean murgilduko dira hilaren 16 eta 17ko asteburuan, igoerako eta jaitsierako play-offetan lehiatuko baitira Bermeon eta Portugaleten.
Gizonen play-offaren lehian San Pedro arituko da. Pasaitarrek denboraldi bikaina osatu dute aurten, eta KAE1 Ligako txapeldun izan dira. Sasoiari bukaera aparta emango liokete Eusko Label Ligarako igoera lortuko balute. Play-offeko arerioak ondo ezagutzen dituzte, Kontxako Banderaren sailkapen estropadan nor baino nor aritu baitziren. San Pedroz gain, beste lau ontzi itsasoratuko dira igoera helburu: KAE1 Ligan San Pedroren atzetik sailkatu den Lapurdi, Galiziako Ligako Ares eta Bueu, eta Eusko Label Liga hamaikagarren postuan bukatu duen Santurtzi.
Xabier Isasa da San Pedroko presidentea, eta onartu du taldea «gogotsu» dagoela play-offeko erronkara begira. «Taldea ondo dago, konfiantzarekin, badakigu zer dugun esku artean», adierazi du klubeko presidenteak.
Eskarmentua play-offetan
Honakoa da moreek azken bost denboraldietan jokatuko duten laugarren play-offa, pasaitarrek eskarmentua dute mota horretako lehiaketetan. 2019an maila galdu zuten play-offean, eta 2020an eta 2022an ere lehiatu zuten KAE1 Ligan egonik. Isasak jakinarazi du aurreko urteetako esperientzia badutela, eta gakoak eman ditu denboraldiko une erabakigarrienera ahalik eta ondoen iristeko: «Fisikoki oinarriak jarrita daude. Kontua da mentalki ondo eta fresko iristea. Burua hotz mantendu behar dugu, hori da gure lanketarik handiena. Aukerak izango ditugu, baina gakoa da urduri ez jartzea. Gure lana ondo egiten badugu, aukerak izango ditugu».
Play-offetan izango diren bost ontziak batera lehiatu ziren Kontxako Banderaren sailkapen estropadan. Ares, Lapurdi eta Santurtzi San Pedro baino azkarragoak izan ziren egun hartan. Pasaitarrek Bueu izan zuten soilik atzetik. Hala ere, Isasa ziur da Kontxako sailkapenak ez duela «egoera argitzen», eta erreferentzia horiek ez direla «fidagarriak».
Sanpedrotarren presidenteak argi du daukaten «guztia» eman beharko dutela, eta beren lana egiten badute, «aukerak» izango dituztela igoera lortzeko: «Guk gurea entrenatu behar dugu. Badakigu arerioak oso indartsuak direla, baina guk daukagun guztia eman behar dugu. Hortik abiatuta, uste dut aukerak izango ditugula borrokan izateko. Uste dut iaz baino aukera gehiago ditugula. Lehen bi postuetan bukatzera joango gara».
Ohikoa den bezala San Pedroko arraunlariak ez dira bakarrik egongo, eta herrian autobusak antolatu dituzte Bermeoko eta Portugaleteko estropadetara joateko. «Jendea gogoz dago, eta haien laguntzarekin ea erronka lortzen dugun».
HITZA Hibaikako zuzendaritzarekin jarri da kontaktuan adierazpenak jaso ahal izateko, baina EuskoTreneko play-offen inguruko adierazpenik egingo ez dutela esan dute.