Jabetze eskoletan izen emateko aukera
Emakumeak ahalduntzeko asmoz antolatzen diren Jabetze Eskolek 10. urteurrena dute aurtengoa, eta egitarauak berritasunak dakartza.
Emakumeak ahalduntzeko eta haien arteko loturak sendotzeko asmotan antolatzen diren Pasaiako Jabetze Eskolen 10. ikasturtea izango da aurtengoa. Datorren astelehenean, 11ean, irekiko da izen emateko epea eta 26ra arte iraungo du zabalik. Parte hartu nahi duenak, HAZeko bulegoetara eraman beharko du izen emate fitxa, edota Pasaiako Udaleko zerbitzu telematikoaren bidez egin. Gainera, doako eskaintza honek haurtzaindegia izango du, aldez aurretik eskatuz gero.
Hamar urtetan zehar, Jabetze Eskola hazten eta sendotzen aritu da, eta iazko ikasturtean 240 ikasle izatera heldu zen. 30 hezitzaile baino gehiagok landu zituzten autozaintza, osasuna, sexualitatea, adierazpen artistiko eta literarioa, kirola eta beste hainbat gai. Jarduera batzuek jarraipena izango dute, horien artean, mindfulness saioak, zoru pelbikoa eta sexualitatea, edo munduko emakumeen literaturaren inguruko ikastaroak.
Berritasunak ere izango dira aurten, amatasuna eta erotismoa lantzeko espazio bat, gazte eta nerabeen artean gertatzen den indarkeria matxistari buruzko hitzaldi-sorta, edo brikolaje- eta konponketa-tailer trinkoa, izango dira besteak beste.
Informazio gehiago nahi izanez gero, dokumentu honetan ikusi daiteke programazioa, edota Pasaiako Udaleko web orrian.