Laguntzetik ardurak hartzerako bidea egiteko
Piztu Lezok, santakrutzen atarikoen artean, Gazte Eguna antolatu du biharko. Belaunaldi aldaketarekin hasi nahi dute.
Piztu Lezok biharko antolatu du 2023ko Gazte Eguna. Eragileak santakrutzen aurretik antolatutakoen artetik, ekintza nagusiena da. Gazteen arteko elkar ezagutza lantzea, eta harremanak indartzea izango da egunaren xede nagusiena. Baina aurtengoak badu sakoneko nahia: Piztu Lezoren barruan belaunaldi aldaketarako bidea egiten hastea. «Aldaketa ez dugu egun batetik bestera egin nahi. Baina duela urte batzuetatik hona Piztu Lezon ardurak izan ditugunon desioa da jende gazte berriak taldearen barruan konpromisoa hartzea, bidea has dezala». Bidelagun asko ditu Piztu Lezok, laguntzaileak. Baina herriko gazteei laguntzetik ardurak hartzerako urratsa egitea eskatu diete. Bidelagun izatetik, bideorria ezartzeko hautua hartzera. Arrauna utzi, eta lema hartzera.
Horretan eragiten hasteko, egun osorako egitaraua prestatu du biharko herriko eragileak. Santakrutzen usaina nabari dela eutsiko diote jai giroko ekintza sortari. Hala, 10:30ean eta Karlos Saldise plazan Herri Olinpiaden finalari eutsiko diote hainbat kuadrillatako kideez osatutako talde berde, hori eta urdinak, joan den larunbateko kanporaketan haiek izan zirelako onenak; Lau Katu txarangarekin herria girotu ondoren (12:30), argazki erraldoia egingo dute Saldiseko bazkariaren (14:30ean) aurretik; bazkarirako txartelak erosterakoan bazkarian zein ardura (muntaketa, zerbitzatzea, jasotzea…) izango duen esleitu zaio gazte bakoitzari.
Bingo musikatuaren ondoren Elektrokela elektrotxarangarekin gerriak astindu eta besoak altxatuko dituzte gazteek Lezo guztitik (18:30), herria astindu eta girotzea baita ere haien helburua. Bide Batez erromeriak itxiko du larunbatean hasi eta ziurrenera igandean bukatuko den egitasmoa. Arduraz beti ere.