'Hondamendia'-rekin hasiko da Antzerkizale Elkartearen programazioa
Axut! eta Artedrama antzerki taldeek sortutako antzezlanarekin hasiko da ekaina arteko programazioa. Sarrerak salgai daude.
Oiartzungo Antzerkizaleen Elkarteak aurtengo ikasturtetako programazioa finduta du. Axut eta Artedrama antzerki taldeen Hondamendia obrarekin hasiko da. Zaldibarko zabortegiaren hondamendia da ardatza.
Datorren igandean, hilak 17, taularatuko dute egitarauko lehenengo antzezlana. 19:00etan izango da, Landetxen, eta sarrerak eskuragarri daude.
Online eros daitezke, 8 euroan. Landetxeko leihatila gaur —astelehena— irekiko dute, 17:30etik 19:00etara bitartean.
Sinopsia
Zaborra metafora bat da batzuetan. Baina ze metafora da kiratsa darion hau?
2020ko otsaila: zabortegi baten kolapsoak bi langile desagerrarazi ditu azpian. Esan patua izan dela. Esan zoria izan dela. Edo haien senide ttipi eta apala, zorte txarra. Ardura eta erantzukizuna maskaratzeko mozorroak ere izan daitezke, ordea, hondamendiari jarritako hitzok. Batzuentzat ezbeharra dena, istripua da beste batzuentzat.
2020ko martxoa: covida heldu da. Osasun arazo batek bazterrean laga duen irrati-esataria, Zaldibarko zabortegiaren luiziari hitzak ematen saiatuko da. Egia, egitatea, kontakizuna… Baina nola adierazi samina mundua pandemia baten menpe izoztu denean?
Nola eman liezaioke zentzua bere lanari eszenatokira igotzeko grina galdu ez duen dantzariak, absurdoak funtsezko oinarriak irauli dituenean?
Ospitalean bertan, bere lana ahalik eta txukunen egiten saiatzen den erizain arretatsuak, lortuko ote du onik ateratzea?Bitartean, Zaldibarren, aita galdu duen alabak eta senarra galdu duen emakumeak erreskate zerbitzuek hilotza noiz aurkituko zain jarraitzen dute, hilabeteak joan eta hilabeteak etorri.
Hitz hoberik topatu ezean “hondamendia” deitu diogun horrek ataka larrian jarri ditu guztiak, halako gertaera lazgarri baten ondotik deus okerragorik etor ezin daitekeen ustean.
Pantailek hartu dute hitzaren tokia eta zaborrak gure bizien arrasto bihurtu dira. Langile bat hiltzen da beharrean. Astero.
2022ko otsaila… Zabor meta erraldoian aztarrika, bide-seinale modura erabiliko ditugun galdera ikurrak besterik ez ditugu topatu. Eta bizitzaren balizko zentzuaren gainetik, bizitza bera huts-hutsean maitatu behar dugula dioen intuizioa.
Konpainia: Axut! eta Artedrama.
Idazlea: Harkaitz Cano.
Zuzendaritza: Ximun Fuchs.
Aktoreak: Ander Lipus, Ane Sagues, Ruth Guimerá, Jon Ander Urresti, Maialen Belaustegi, Maite Larburu, Manex Fuchs eta Eneko Gil.
Bideoa: Maialen Beraustegi.
Koreografia: Philippe Ducou.
Musika: Maite Larburu, Asier Ituarte.
Eszenografia: Fran Dussourd.
Argiteriaren diseinua: David Bernues.
Soinuaren diseinua: Philippe Barandiaran.
Teknikaria: Ieltxu Ostolaza.
Teaserra: Eñaut Castagnet.
Argazkiak: Ainhoa Resano.
Diseinu grafikoa: Roberto Quintana.
Ekoizpena: Iasone Parada, Mikel Unamunzaga, Argi Perurena.
Bitartekaritza: Arantxa Hirigoyen.