Hiru oiartzuar munduko kenpo kai txapelketara
Alain Isasa eta Uxue Arozena oiartzuarrak Tunisian aritzeko hautatu ditu Euskal Selekzioak. Mikel Artola epaile-lanetan arituko da.
Hilaren bukaeran jokatuko dute Munduko Kenpo Kai Txapelketa. Zehazki, hilaren 27an, 28an, 29an eta 30ean eta urriaren 1ean jokatuko dute txapelketa hori, Tunisiako Hammamet hirian.
Euskal Selekzioak bertan arituko den taldea aurkeztuko du. Aurkezpen-ekitaldi horretan, Euskal Herriko borrokalari guztien artean, bi oiartzuar izan ziren: Uxue Arozena eta hainbat aldiz txapeldun izan den Alain Isasa.
Bi kirolari oiartzuarrak munduko txapelketan urrezko dominaren bila lehiatuko dira. Hala ere, ez dira herriko Honbu Kenpo Kai elkartearen ordezkari bakarrak izango. Mikel Artola bertako kidea epaile-lanetan arituko da Hammameten.
Beraz, Oiartzungo taldearen prestigioa indartuko dute hiru ordezkari horiek, eta ez dute esku hutsik bueltatu nahi izango.