Hiru zinema saio eta kontzertua, datozen egunetan Landetxen
Datorren ostegunean zein datorren asteko ostegun eta ostiralean film bana emango dituzte. Feten Feten taldea hilaren 22an arituko da.
Hiru film emango dituzte datozen egunetan Landetxe aretoan. Lehenengoa etzi —osteguna, hilak 14— izango da. Gelditasuna ekaitzean emango dute, 19:30ean hasita. [Sinopsiak albistearen bukaeran irakur daitezke].
Datorren asteko ostegun eta ostiralean —hilak 21 eta 22— gaztelerazko bi pelikula programatu dituzte. Lehena A los libros y a las mujeres canto izango da, eta hori ere 19:30ean hasiko da.
Hirugarren filma Te estoy amando locamente izango da. Hasiera-ordu bera izango du. Hiru filmetarako sarrerak udalaren webgunearen bidez eros daitezke. 3 euroko prezioa izango dute.
Feten Feten taldea, lagunekin
Irailaren 22an Feten Feten taldea igoko da Landetxeko oholtzara. 2009an sortu zuten, Burgosen, Jorge Arribas eta Diego Galazek.
Musika fresko, dibertigarri eta dantzagarria moduan definitu dute. Mota askotako estiloak lantzen dituzte: fox trota, txotisa, jota, seguidilla, erronda, pasodoblea…
Feten Feten taldekoek hainbat lagun gonbidatuko dituzte oholtzara. Ez da zerrenda makala: Arkaitz MIner, Juan Mari Beltran, Xabier Zeberio, Gari Otamendi eta Oreka TX.
Kontzerturako sarrera horiek ere bai udalaren webgunean aurki daitezke.
Sinopsiak
Gelditasuna ekaitzean
Lara Paristik Donostiara itzuli da Telmorekin, bere bikotekidearekin, hirian behin betiko bizitzeko asmoz. Daniel ez da inoiz hiritik atera, orain bere andregaiarekin bizi da, Verarekin, eta amaren higiezin-agentzian egiten du lan. Lararen eta Danielen bizitzak gurutzatu egingo dira salgai den etxebizitza baten bisitaldian, baina agian ez da elkar topatzen duten lehen aldia. Iraganaren eta orainaren artean, Gelditasuna ekaitzean filmak beste garai batean beste bide batzuk hartzeko aukera izan zuten bi pertsonaren maitasun-istorioa aztertzen du.
A los libros y a las mujeres canto
Emakume bati ia Avioneta izena jarri zioten. Beste batek, liburutegi bat izan zuen bere kotxeko atzeko eserlekuan. Besteak, etxeko liburutegiko apal errebeldeen ondorioz hatz bat hautsi zuen. Zigarrogileek irakurketak entzuten dituzte lanean ari diren bitartean. Plantxagileek poemak gogoratzen dituzte. Horiei guztiei kantatzen diet. Suaren, uraren, sitsaren, hautsaren, ezjakintasunaren eta fanatismoaren aurka, emakume armada anonimo batek liburuak zaintzen ditu. Erresistentzia intimo bat da, epikarik gabekoa, iraultzarik gabekoa, armarik gabekoa.
Te estoy amando locamente
Sevilla, 1977. Reme harro dago bere semea, Miguel, unibertsitatera joango den lehen familiarra delako. Baina Miguelek artista izan nahi du, eta telebistako lehiaketa ezagun batean kantatu. Espainian homosexualitatea delitua den unean, Remek semearen lagun berriak nor diren ere jakingo du. Andaluziako LGTBI mugimenduaren hastapena.