Eskaintza zabalarekin datoz euskaltegiak
Euskara ikasteko ateak zabalik dituzte Errenteria-Oreretako euskaltegiek.
Hasi berria den ikasturtean ere, eskaintza zabal izango da Errenteria-Oreretako euskaltegietan. Eta garrantzitsuena, irisgarri izango da euskara ikasteko gogoz dagoen herritar ororentzat, izan ere, aurten ere hobari eta diru laguntza eskaintza izango dela jakinarazi du udalak: “Euskararen irakaskuntzan sakondu eta urratsak ematea funtsezkoa da euskararen biziraupena bermatu eta Errenteria euskalduna erdiesteko. Udalaren iritziz euskara, kohesio sozialerako ezinbesteko tresna da, eta herritar orok eskuragarri behar du”.
Hala, langabeek ala lanbide arteko gutxiengo soldata baino gutxiago kobratzen dutenek matrikula doan izango dute. Eskoletan ezarritako asistentzia betez gero %80ko hobaria aplikatuko zaio ikasle orori.
Ikastaroei dagokienean, aukera, zabala da: A1,A2, B1, B2, C1, C2 mailako tituluak lortzeko taldeak izango dira astean 20, 15, 10 edo 5 orduko ikastaroak. Eskoak goizean, eguerdian eta arratsaldean izango dira, baita ikaskuntza ere, eta trebetasunak landu eta erabilera bultzatzeko taldeak ere sortuko dira.Hilaren 25ean hasiko dira eskolak Udal euskaltegian, eta urriaren 2an Xenpelar AEKn.
Izena emateko epeak
Matrikulazio kanpaina hilaren 23ra arte izango da zabalik Udal Euskaltegian eta bulego ordutegia 09:00etatik 18:30era izango da. 943 44 96 80 edo 647 68 09 27 telefono zenbakietara deitu daiteke, e-postara mezua bidali (egin klik hemen) edo Mikel Zabaleta 14an kokatutako egoitzara bertaratu.
Xenpelar AEKn hilaren 30a izango da izena emateko azken eguna. Bulegoa zabalik izango da 09:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; ostiraletan itxita izango da arratsaldez. Izena emateko bulegora joan daitezke interesdunak —Biteri kalea 30—, 943 34 02 33 telefono zenbakira deitu edota e-postara mezua bidali (egin klik hemen).
Kanpaina hilabete honetan indarrean bada ere, euskara ikasi nahi dutenak edozein unetan hurbil daitezkeela euskaltegietara esan du udalak.
Ongi Etorri kanpaina
Oarsoaldeko Euskara Batzordeak bestalde, Ongi Etorri kanpaina abiatu du. Helburua, herrira heldu berri direnei euskal komunitatearen partaide izateko aukera ematea da euskara batzordeak nabarmendu duenez: “Gure hizkuntza, kultura eta ohiturak partekatzea ezinbestekoa da jatorri, errealitate, eta din guztietako partaidez osatutako benetako komunitatea osatzeko. Eta saio hauek ahalbidetzen dute hizkuntzak gerturatzen gaituelako”.
Hizkuntza ezagutza lagungarri dela seme-alaben ikas prozesuan zein lan aukerak zabaltzeko gaineratu du. Errenteriako Udalak laguntzak eskaintzen ditu euskara ikastea erabakitzen dutenei. Informazio gehiago Udal Hizkuntza Politika Sailean lor dezakete interesdunek —Pablo Iglesias 3, Merkatuzar eraikina— 943 44 96 13 telefono zenbakian edota e-postara mezua bidalita (klikatu hemen). Ordutegia honakoa da: astelehenetik ostiralera 08:00etatik 14:00etara.