Hilaren 17 eta 18ko gauetan egingo dituzte Maintzineko lanak
Aste honetan egin behar zituzten biribilguneko asfaltatze lanak asteburu amaieran hasiko dituzte. GI-2638 errepidean mozketak egingo dituzte.
Lezoko Udalak jakinarazi zuen Maintzine eremuko biribilgune berrian asfaltatze lanak egingo zituela. Lan horiek, ordea, atzeratu egin ziren, joan den astelehenetik asteazkenera egitea aurreikusten zutelako (Santakruz Jaien hasierarekin batera). Gaur, bada, lanok datorren astean egingo dituztela iragarri du udalak: irailaren 17ko (igandeko) eta 18ko (asteleheneko) gauetan egingo dituzte, 22:00ak eta 06:00ak artean. Otegi-Gaztañaga izango da lanen arduradun.
Hori dela eta,GI_2638 errepidea trafikoari itxiko diote, bi puntutan. Batetik, Altamirako biribilgunean, Pasai Donibaneko noranzkoan. Bestetik, Gaintxurizketan, Lezoko noranzkoan. Ordutegi horretan, ondorioz, Lezo edota Pasai Donibanera joan nahi dutenek herriguneko kaleetatik igaro beharko dute.
Edonola ere, Pasai Donibanetik Errenteria-Oreretara joateko noranzkoa irekita egongo da, eta igarotzen utziko zaie itxiko dituzten tarte horietan etxebizitza duten bizilagunei.