Bizikleten armazoiak berrikusteko doako zerbitzua gaur Zumardian
Bizikleten armazoiak doan berrikusteko aukera izango da Zumardian 16:00etatik 20:00etara; Mugi txartel pertsonalizatua beharrezkoa da.
Mugikortasun Astearen barruan, bizikleta prest jartzeko doako zerbitzua eskainiko du Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako Foru departamentuak gaur. Jarri prest zure bizikleta Mugirekin kanpainaren bidez, bizikleten armazoiak doan berrikusi eta prest jartzeko aukera izango dute Zumardira 16:00etatik 20:00etara bitartean gerturatzen direnek.
Ezinbesteko baldintza izango da, Mugi txartel pertsonalizatua eramatea zerbitzua jaso ahal izateko. Txartel pertsonalizatua erakutsita, bizikleta doan berrikusi eta doitzeko aukera izango du hilaren 24ra arte iniziatibarekin bat egin duten 11 denda kolaboratzaileetan. Denda horiez gain, tailer mugikor bat ibiliko da Gipuzkoako herrietan barrena, eta gaur Errenteria-Oreretan izango da. Errenteria-Oreretaren kasuan, KHUBikes dendak bat egin du kanpainarekin —Nafarroa etorbidea 30, 943 34 41 58—.
Iniziatiban parte hartu eta dendetan nahiz tailer mugikorrean dauden kupoiak betetzen dituztenak bi bizikletaren eta atxikitako dendetan bizikleta materiala erosteko 50 euroko bi bonuren zozketan sartuko dira. Halaber, Mugi txartelaren 20 euroko 60 karga ere zozkatuko dituzte.
Azahara Dominguez Mugikortasun diputatuak nabarmendu du, helburua mugikortasun aktibo eta jasangarria sustatzea dela, “lehentasuna emanda bizikleta eta garraio publikoa erabiltzeari, eta ahal den neurrian, oinez ibiltzeari”.