Txost eta Zubietak erreboteko final-laurdena jokatuko dute
Enrike Abril Errebote Txapelketako ligaxka faseko partida guztiak jokatuta, kanporaketen fasean sartu dira. Zubietan izango da norgehiagoka.
Enrike Abril Errebote Txapelketa 60. ekitaldia martxan da, sei talderekin, eta pasatu berri du ligaxka fasea.
Bi multzotan banatu ziren taldeak, eta lehenengo postuan geratu direnek zuzenean eskuratu dute finalerdietarako txartela. Donibane Lohizuneko Luzean-ek eta Kanboarrak taldeek lortu dute sailkapen zuzen hori.
Beste lau taldeek final laurdenak jokatu behar dituzte, multzoko postuak gurutzatuta. Lehendabiziko final-laurdena datorren igandean jokatuko dute, Zubieta eta Txosten artean.
Oiartzuarrek zubietarrei egin beharko diete bisita. 10:30ean hasiko da norgehiagoka, Zubietako plazan.
Beste final-laurdena urriaren 1eko asteburuan jokatuko dute Kapito Harrik eta Behar Zanak. Ondoren etorriko dira finalerdiak eta finala.
Txostek ligaxkako bi partidak galdu ditu, eta, ondorioz, hirugarren geratu zen bere multzoan. Zubieta bigarren izan zen berean.
Partida horren irabazleak Luzean-en kontra jokatuko du finalerdia.