Mikelaren oroimenak koloreztatu du udazken hasiera
Mikel Martin Conde eta Xanti Vicente 'Altxu' oroitu dituzte goizeko kalejiran. Arratsaldean, kabareta, afaria eta festa.
Aurtengo martxoaren 2an hil zen Mikel Martin Conde Mikela, eta gaur, bera oroitzeko egun berezia da.
Izan ere, pasa den ostegunean beteko zituzkeen 69 urte. Errenteria-Oreretan, Bilbon, Bartzelonan eta Murtzian bere aldeko brindisa egin zuten gertukoek.
Gaur Mikelaldia ospatzen ari dira. Arratsalderako kabareta eta herri afaria antolatu dituzte —txartel guztiak agortuta daude—, baina eguerditik aurrera lore-eskaintza eta kalejira egin dituzte hainbat esparrutako militante nekaezinaren alde.
Euriak, mehatxu txikia
Gaztañoko baratzeen ondoan jarri dute hitzordua, 12:00etan. Lehenagotik jende dezente bilduta zegoen, mandala bat osatu baitute.
Hurbildu direnetako askok loreak eraman dituzte, Mikel Martinen oroigarria kolorez aberasteko. Puntualtasunean hutsik egin ez duenetako bat euria izan da.
Ekitaldia zapuztuko —lokaztuta jada bazegoen— zuen beldurra egon da, baina eraso gogor eta labur baten ondoren, eguzkia lotsati arrimatzen hasi da.
Euria eta eguzkia elkartzen direnean ortzadarra atera ohi da, baina gaurkoan Martinen bizitza eta ondarea ospatzera joan direnek marraztu dute Erromako Zubia. Lore, peluka, boa, puxika eta abarrek koloreztatu dute eguerdia.
Martinen omenez landatutako zuhaitzaren ondoan lore eskaintza eginda, Gaztaño auzoan zehar kalejiran abiatu dira, trikitilariak buru zirela.
Altxu gogoan
Auzo lokalaren ondoko plazatxoan egin dute geldialdia. Sexu-askapenerako mugimenduan beste erreferente izandako bat oroitarazi dute: Xanti Vicente Altxu Madelon.
2006ko otsailean hil zen, eta sei urtera auzoko kale berrienari haren izena jarri zioten. Oroigarriak akatsen bat-edo zuela eta, berria jarri eta gaur inauguratu dute Altxuren ilobak eta Gaztañoko Auzo Elkarteko ordezkari batek. Bertso bat ere kantatu dute, baita txalaparta jo eta suziriak bota ere.
Hurrengo geldialdia, gaztetxea
Aldapan behera jaisten jarraitu eta kezko potoek ongietorria eman diete segizioari. Zabala-Enea II gaztetxean geldialdia egin dute.
Idoia Hernandez Hatxe musikariak pieza bat jo du, eta jarraian Mikel Martinek borroketan kide izan dituztenek hartu dute hitza: EHGAMeko kideak, ESK-koak, Alternatibakoak, transen eskubideen aldekoak, Kataluniako Homofobiaren Kontrako Behatokikoak…
Mikela zenaren ibilbidea goraipatzeaz gain, hari buruzko bitxikeriak kontatu dituzte: bilera batean Urgullgo eskultura kondoi batekin estaltzea proposatu zuenekoa; Bartzelonako bati Kataluniako hiriburuan egindako mobilizazio baten ondoren “Eh, ez zaitut gaurko manifan ikusi!” esan zionekoa…
Nafarroako EHGAMeko kideek Mari jaialdiaren kamiseta eman diete Mikel Martinen senideei, baita Xanti Vicenteren ilobari ere.
Martin Conde anaietako batek hasita, Eusko Gudariak eta Zutik emakumeak abestu dituzte, Oreretako Bilgune Feministako kide batek kantatutako bertsoekin gaztetxeko geldialdia bukatutzat eman dute.
Dena hasi zen tokiraino
Hirigune erdiko kaleak zeharkatu ondoren, Iztieta auzoko zebrabide koloredunera joan dira. Vicente Vadillo Francis omentzen duen plakaren ondoan, ortzadarbidearen gainean, atera dute talde argazkia.
Polizia batek hil zuen Francis trabestia, 1979an, eta hilketa hura izan zen EHGAM sortu eta sexu askapenaren borroka hasteko txinparta.