Bost urteko atzerapenarekin heldu da
Lezo eta Donibane artean falta den bidegorri zatiaren proiektua onartu berri du Gipuzkoako Foru aldundiak.
Lezo eta Donibane artean falta den bidegorri zatiaren proiektua onartu berri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Iritsi behar zuena baino bost urte geroago heldu da Eguzki talde ekologistak salatu duenez prentsa ohar bidez, “bazen garaia, hori da burura datorkigun lehen pentsamendua”. Izan ere, nabarmen jarri du taldeak bidegorri zati hori 2018rako zerbitzuan egingo zela iragarri zuela aldundiak, “bost urte joan dira, ordea, eta oraindik bidegorri zati hori eraiki egin behar da. Kasurik onenean eta dena ondo bidean, atzerapena sei urte ingurukoa izango da. ez da ez txalo jotzeko moduko gestioa”.
Haserre azaldu da Eguzki, izan ere, talde ekologistak aurkeztu dituen alegazioak baztertu egin baititu aldundiak, eta gogora ekarri du pasa den urtarrilean egin zuen salaketa, lanen atzerapena justifikatzeko Tourra erabili izana aitzakia izan zela: “Urtarrilean esan ziguten apirilean lanak hasteko moduan izango zirela, baina uztailera arte atzeratuko zituztela Tourrari traba ez egiteko. Beste atzerapen bat justifikatzeko aitzakia baino ez zela izan esan genuen eta orain agerian geratu da. Proiektua onartu gabe zegoen, orain arte ez da onartu, eta beraz, ez zeuden esleitzeko moduan”.
Proiektuaren arduraren eskualdatzea ere izan du hizpide talde ekologistak; proiektuaren ardura Mugikortasun departamendutik Jasangarritasun departamendura aldatu dute, “sinesgarritasuna lortu nahi badu azaleko aldaketa horiek baino gehiago beharko ditu aldundiak, urteak eman baititu Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana sistematikoki urratzen”. Azken horrekin lotuta datu argigarria eman du Eguzkik: “Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planak 2013 eta 2021 bitartean 207 kilometro bidegorri eraikitzea aurreikusi zuen; bada, 70 baino ez dira eraiki, %33,8”.
Osatu gabeko bidegorrien zerrenda horretan bi daude lotuta gure bi eskualdeekin: Lezo-Donibane eta Errenteria-Irun.