Bizitza duinen aldeko borroka kalean da berriro
Udako oporren ondoren, kalera itzuliko da Duintasuna elkartea berriro. Astelehenean, urriak 2, egingo dute protesta 11:00etan hasita.
Igandean, urriak 1, Adinekoen Nazioarteko Eguna izango da. Igandea izanik, astelehenean aldarrikapen bilakatuko dute pentsiodunek egun hori, azken urteetan hileko lehen astelehenero egin dituzten eskakizunak beste behin ere kalera aterata. 11:00etan egingo dute elkarretaratzea Herriko Plazan eta hura amaituta, manifestazioa abiatuko da herriko kaleetan barrena zahartzaro duinen alde.
Asteleheneko protestan zainketa publikoen eredu hurbila, duina eta kalitatezkoa bermatzeko exijituko die Hego Euskal Herriko administrazioei pentsiodunen mugimenduak, baita laguntza soziosanitarioa jasotzeko eskubide unibertsala eta subjektiboa betearazteko baliabide material, ekonomiko, zein beharrezko pertsonala emateko.
Duintasunak herritar guztiak deitu ditu parte hartzera asteleheneko manifestazioan.