Izaskun Gomezen agurra Pasaiako Udalari: "Ohore handia izan da"
Malko artean utzi du udala alkate ohiak; aldundian jarraituko du jardun politikoa. Txalo eta besarkada artean esan diote agur batzordekideek.
Askotariko emozioek hartu zuten atzo arratsaldean Pasaiako Udaleko pleno aretoa. Izaskun Gomez Cermeño PSE-EEren Pasaiako alkate ohiak zinegotzi kargua utzi zuen udalbatzarrean, aldundiko bide berriari ekiteko; malko artean eman zituen eskerrak, eta txalo nahiz besarkada artean agurtu zuten udalbatzako kideek.
Gai-zerrendako bederatzigarren puntuan, Mozioen atalean, iragarri zuen Teo Alberro Bilbao alkateak Gomezek karguari uko egingo ziola. Horren berri ematearekin batera eskertu zion alkateak orain dela hilabete eskas aginte makila besterendu zion politikariari elkarlanean jardun duten hilotan eskainitako laguntza.
Ekainean jakinarazi zuen alderdi sozialistak Izaskun Gomez izango zela Espainiako Senaturako Gipuzkoako hautagaia. Probintziako lau senatarietatik hiru EH Bildurenak dira, eta azkena EAJrena; hortaz, hautagai antxotarrak ez zuen eserlekurik lortu ganbara horretan. Aldiz, alkate ohia Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen-Administrazioko Zuzendari izendatu dute. Hala jakinarazi zuen alderdiak joan den uztailean.
Zentzu horretan, elkarlanean jarraitzeko nahia adierazi zion Alberrok alkate ohiari: “Espero dut zauden lekuan zaudela zugana jo behar badugu, orain arteko elkarrizketa horri eutsi ahal izatea”. Hori esanda, Pasaiaren eta pasaitarren alde lanean emandako urteak eskertu zizkion atzo alkateak aurreko eledunari. “Esango nuke beti izan duzula borondatea gauzak ahalik eta hoberen egiteko. Batzuetan egoki, eta oker beste batzuetan, jakina. Baina mila esker, korporazio guztiaren partez, herriaren alde emandako urteengatik”.
Gomezen azken hitzak
Mintzaldia hasi baino lehen eskatu zuen barkamena, jakitun ezingo ziela malkoei eutsi Pasaiako Udalean emandako hamarkaden gaineko errepasoa egin, lankideei eskerrak eman, eta azken agurra irakurtzerakoan. Eta hala izan zen. “Ez da une erraza, baina politikan, bada momentu bat egoteko, eta beste momentu bat jende berriari lekua uzteko”.
1995ean ekin zion bide politikoari pasaitarrak. Ordutik, 25etik gora urte eman ditu herriko udaletxean zinegotzi lanetan, eta horietako hamabi, gainera, ardura gorenarekin: alkatetza. “Ohore handia izan da”, mintzatu zen. Urte guzti horietan Pasaia aldatzen ikusi du antxotarrak: “Gaur, Pasaia modernoago, euskaldunago, solidarioago, feministago, berdinzaleago, zerbitzu gehiagoko eta baketsuagoa da”.
Urte hauetan jende asko ezagutu duela aitortu zuen Gomezek, “pertsona ospetsu asko”, baina bereziki gogora ekarri nahi izan zituen “anonimo” diren horiek: herriko bizilagunak. “Askotan adierazi izan didate euren animoa, zoriona, iradokizuna… eta baita, nola ez, euren kritika ere. ‘Izaskun, orain elkar ikusten dugula…’ esaldi famatu horrekin hasiz”.
Udaleko langileei ere egin zien aitortza, bereziki, pandemian zehar egindako lanagatik. Elkarte eta zinegotzi guztiei ere egin zien aipamena, eta bereziki, alkate izandakoei: “Askotan ez ulertuak izan gara, eta oso-oso gogorra den zerbaitekin elkarrekin bizi behar izan dugu: alkate izateko erabakiak harekin dakarren bakardadea. Horregatik, ez nuen sekula zalantza egin, eta ez nuke sekula egingo, nire babesa adierazi nionean hemen epaitua izan zen alkate bati. Behin egin nuen, eta beste mila aldiz egingo nuke”.
Azken hitzak, berezienak, alderdikideei, eta bereziki, udal korporazioko kideei. “Eskerrik asko zuen babes, konfiantza eta enpatiagatik. Arrakastak gu guztionak izan dira. Aldiz, hanka-sartzeen erantzulea, lehena eta bakarra, ni neu izan naiz”. Hitz bidezko azken besarkada, Lore Suarez zinegotziari: “Hain ongi elkar ezagutzera iritsi gara, non begirada bakar bat ere aski zaigun egun besteak buruan zer duen jakiteko. Nire eskuin eskua izan zara, baina baita ezkerra ere. Beti izango naiz zurekin zorretan”.
“Gaur nire azken plenoa da udalbatzako kide gisa, eta agur diot eginkizuna bete izanaren sentimenduarekin, eta asebetetze batekin: ongi egindako lanak ematen dizuna. Konbentzimendu batekin: gorputz eta arima aritu izanarena. Herri honetako bizilagun guztiek tratu berbera merezi dute, eta konpromiso batekin ere banoa: nagoen lekuan nagoela, nire herria babestearena”.
Txalo artean agurtu zuten hamasei zinegotziek Gomez, eta EAJko nahiz Elkarrekin Podemoseko zerrendaburuek, Loreto Osak eta Julen Rodriguezek, hurrenez hurren, eskertze hitzak eskaini zizkioten lankideari.