Hamaragarrenez, OrriBakaR
Andreoneren orri bakarreko literatur lanen lehiaketarako lanak aurkezteko epea zabalik da, azaroaren 24ra arte.
Irudia 2022ko lehiakearen sari banaketakoa da. Andreone Lezoko Udal Liburutegiak jada lezoar sortzaile gazteen artean klasiko bihurtu den OrriBakaR Literatur Lehiaketarako lanak aurkez daitezkeela azaldu du. Hamargarren ekitaldia da abian dena. Lan horiek azaroaren 24ra arte utzi behar dira liburutegian bertan. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 15ean egingo dute, 19:00etan, Andreonen.
Idazlanak edozein genero literariokoak izan daitezke, eta gai librekoak. Bi baldintza zehatz: inoiz argitara gabekoak izan behar dute, eta orri bakarreko luzerakoak. Azken hori da lehiaketa ezaugarritzen duen baldintza.
Hala, azaroaren 24ra bitarteko epean, horrela aurkeztu behar dira lanak, Andreonetik zehaztu dutenek: “Lana orri bakar batean aurkeztuko da. Orriaren goiko aldean izenburua idatziko da. Lan bakoitzeko gutunazal itxi bat aurkeztuko da (gutunazalaren kanpoko aldean: lanaren izenburua eta egilearen adina; eta barruko aldean: helbidea, telefonoa eta izen-abizenak). Lana kanpoan joango da, eta gutunazala lanari grapaz josita. (Ikastetxearen izena dakarren lanik ez da onartuko)”.
Bost mailatan banatu dituzte parte hartzaileak, adinaren araberako sailkapenarekin:
- A maila: 6 eta 7 urtekoak.
- B maila: 8 eta 9 urtekoak.
- D maila: 10 eta 11 urtekoak.
- E maila: 12 eta 13 urtekoak.
- F maila: 14 eta 15 urtekoak.
Antolatzaileek izendatutako epaimahaiak kategoria bakoitzeko bi saridun izendatuko ditu, hamar denera beraz. Horietako bakoitzak 100na euroko bonua jasoko du, liburuak erosteko. Dena dela, antolatzaileek adierazi dute gerta daitekeela sariren bat eman gabe gelditzea, epaimahaiak hala erabakita, lanek behar adinako maila ez izateagatik.
