Urriak Garagardo Festa ekarriko du, hamazazpigarren aldiz
Urriaren 11tik 14ra bitartean ospatuko dute garagardoaren kulturan murgilarazten duen azoka, Beheko Plazan. Ez da saririk faltako.
Oiartzunek zita ekidinezin bat baldin badu urrian, hori Garagardo Festa izan da. Hamazazpigarren aldiz ospatuko dute aurten. Datak zehaztuta dituzte: urriaren 11tik 14ra izango da.
Asteazkenetik —ostegunean, ofizialki, jai eguna da— larunbatera bitartean mota eta kolore ezberdinetako garagardo ugari dastatu ahal izango dira.
Pandemiak behartutako etenaldiaren ondoren iaz bueltatu zen Garagardo Festa. Toki berri batera lekualdatu zuten, eta aurten ere bertan jarriko dute karpa: Beheko Plazan izango da azoka.
Lau arratsetan 19:00etan irekiko dituzte txorrotak, eta asteazken, ostiralean eta larunbatean 01:00etan itxiko dituzte. Ostegunean, pixka bat lehenagora arte izango dira, gauerdira arte.
Zozketarik ez da faltako. Beranduago itxiko duten gauetan izango dira, 22:00etatik 23:00etara. 60 saritik gora sari banatuko dituzte.