[Erreportajea] Amak ikusaraztea helburu
Etziko Kilometroen jai handiaren hasiera ekitaldiak ildo bat jarraituko du: amei aitortza egitearena. Ama Lurra, ama euskara eta ikastolako amak izango dituzte gogoan, parte hartzailea izango den ekitaldian.
Ia mende laurden pasatu da Errenteria-Oreretan Kilometroak jaialdia azkeneko aldiz egin zutenetik. 1999ko urriaren 3ko egun euritsu hartatik denbora pasatu da, baina Orereta Ikastola prest da hirugarrenez festa jasotzeko (lehenengoa 1984an izan zen). Ohitura bihurtu da agintariek hasiera ematea Kilometroak jaialdiari. Aurten herritarrak ere gonbidatu dituzte hasiera ekitaldi horretara. Etzi da 2023ko Kilometroen jai handia.
«Ekitaldi horri buelta bat eman diogu, eta ibiltaria izango da», iragarri du Itziar Navarro Orereta Ikastolako lehendakariak. 10:00etan, Lekuona ondoko zubian, Navarrok berak eta Aizpea Otaegi alkateak harrera egingo diete gonbidatuei: agintariak, beste ikastoletako ordezkariak, Errenteria-Oreretako gainontzeko eragileetakoak… Bertatik Lino aldera abiatuko dira, eta Emakumeen Etxean bukatuko dute, Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariaren, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuaren eta Eider Mendoza ahaldun nagusiaren hitzartzeekin. Horraino, ohikoa izan dena. Bidean musikariek, dantzariek, bertsolariek eta abarrek lagunduko dute segizioa, eta komunitateko kideak parte hartzera gonbidatu dituzte. Bertan izango diren artistek ikastolarekin duten harremanari errepasoa eman dio Navarrok: «Guraso eta ikasleek osatzen dute txaranga; dantzan eta bertsoetan komunitateko jendea izango da; Esti eta Mikel Markez —aita ikasle ohia da—; Ereintza dantza taldea, beti harreman handia izan duguna haiekin; bertsolariak…». Bidean, gainera, etxeberriatarren etxe paretik pasatuko dira. Han izan zuen ikastolak lehen ikasgela, eta «keinu bat» egingo dute. Egungo egoitza batetik —Linokoa— ere pasatuko dira.
Hasierako ekitaldi horri lotura eman nahi dion ildoa ama kontzeptua izango dela esan du Navarrok. Hiru modutan izango da. Lehenengoa honakoa da: «Ama Lurra aipatuko dugu, urte osoan zehar errioaren bueltan egin baititugu ekitaldiak, baina baita ere Añabitarteko ingurune berde horrengatik». Bigarrena «Ama Euskara» izango da, ikastolaren «bihotza» eta «izateko arrazoi» gisa definitu du. Hirugarrena, ikastolako amak eurak izango dira; aitortza egingo diete. «Konturatu ginen ikastolaren historia aipatzen denean, beti aipatu izan ditugula gizonak. Lehengo gizartea hala zen. Haiekin hitz eginda, aipatu ziguten lanerako edozein momentutan prest zeudenak amak zirela, eta isilean egin zuten hori azaleratu nahi dugu». Ardatzak, beraz, hiru izango dira: «Komunitatea, hizkuntza eta egindako lanari eskertza».
Kilometroak-en helburuak
Kilometroak jaialdiak hainbat helburu izan ohi ditu, materialak eta sinbolikoak. Ukiezina ez, baina sentigarria den asmoari dagokionez, ikastola zer den eta zer suposatzen duen ezagutarazi nahi zuten, bai ikastolaren komunitatearen barruan, baita Errenteria-Oreretan bertan ere. «Ikastola duela 60 urte sortu zutenek oso argi zeuzkaten zeintzuk ziren ezaugarri horiek, baina, beharbada, neurri batean lausotzen joan dira. Horiek berreskuratu eta indartu nahi genituen, bai komunitatearentzako, baita herriarentzako ere; gogorarazi nahi dugu zerk bereizten gaituen beste proposamen batzuengandik». Navarroren ustez, urtean zehar egin dituzten ekitaldiek erakutsi dute ezaugarri horiek mahai gainean jarri dituztela.
Helburu ekonomikoak, berriz, hiru multzotan sailkatu ditu. Beste Kilometroak jaialdietan eraikin berriak-eta egiteko izan ohi zen dirua, baina aurtengoan «estrategikoak» izango dira helburuak. Lehen esparrua euskararena izango da. «Nahiko genuke Kilometroak-ek, ikastolan ez ezik, herrian ere zerbait uztea», esan du. Horregatik, herriko euskalgintzako zein hezkuntzako eragileekin proiektu bat osatu nahi dute, herrian euskararen erabilera hauspotzeko.
Bestalde, Zubiak Eraikiz proiektuari zimendu berriak ezarri nahi dizkiote. Nafarroa eta Lapurdiko hainbat ikastolarekin harremana du ikastolak, eta pandemiak ukituta utzi zuen erlazioa. «Errealitate horiek ezagutzea», «elkarren berri izatea», eta «proiektu berriak aurrera ateratzea» izango dute xede.
Hirugarren helburu ekonomikoa komunitateari begirakoa da. Añabitarte baserria txukundu nahi dute, ikastolaren «ikur» dena. «Ikasleen, ikasle ohien edo familien topagune izan da. Berriro erabilgarri izatea nahiko genuke, guretzat, zein beste ikastolekin partekatzeko».
Bidea eginda, desio bakarra du Navarrok: dena ongi joan dadila. Gainera, urte osoan lanean aritu eta etzi ere horretan arituko direnek gozatzeko tartea hartzea espero du.
Aurtengo Kilometroak jaialdiaren leloa Erriola da. Zazpi hizkietan lau kontzeptu barnebiltzen ditu: Errioa, herria, ola/fabrika eta ikastola. Navarrok azaldu duenez, ikastolaren komunitatea islatu nahi izan dute lelo horrekin, ikastolaren inguruan ibiltzen diren pertsonak. Eta Errenteria-Oreretako itsasadarrarekin alderatu du: «Errioak hori badauka: itsasoa eta ibaia batzen diren tokia da; ura batzuetan gazia da eta bestetan gozoa; batzuetan gora egiten du mareak, eta bestetan behera… Mugitzen den komunitate hori irudikatu nahi genuen».
Leloa, baina, Kilometroak-en festa bukatzearekin batera ez da ahanzturaren amildegian barrena galduko. Izan ere, geratzeko etorri da: pasa den madalenetan ikastolaren txosnari Erriola izena jarri zioten, eta hala izaten jarraituko du. «Izena jarri ziotenak pozik egoteko moduan dira!», ebatzi du, txantxetan, Navarrok.