[Laburpen bideoa eta argazkiak] "Auzolan erraldoia", bidean
Ekitaldi ibiltariak elkarlan sarea osatu du Lekuona eta Emakumeen Etxearen artean. Amak ardatz, "erraldoia" izan da goizeko elkarlana.
10:00etan hasi da Kilometroak 23 jaialdia, eta ordurako beteta zeuden herriko puntu estrategikoak, eta betetzen hasiak gainontzekoak. Lekuona ondoko zubian inauguratu dute Orereta Ikastolak antolaturiko egun osoko egitaraua. Hitza hartzen lehena Itziar Navarro Pikabea, Orereta Ikastolako lehendakaria, izan da.
Hasi eta buka mintzatu da bereziki hunkituta Navarro. Gipuzkoako ikastolen jaiaren 47. ediziorako prestaturiko eskaintzaren berri eman du, eta gogorarazi, halaber, urriaren lehenengo igandeaz harago joan dela aurten antolakuntza, urte osoan zehar prestatu baitituzte komunitatea ospatzeko jarduerak. Zentzu horretan, egindako lanagatik asebete agertu da lehendakaria. Eskerrak eman ditu “auzolan erraldoiagatik”.
Navarroren atzetik mintzatu da Inge Mitxelena Garate Orereta Ikastolako ikaslea. Hark bertaraturikoei azaldu die urte osoan zehar ahotan izan duten ‘Erriola’ hitzaren esanahia.
Orereta Ikastolak 60 urte beteko ditu ikasturte honetan. Urtemuga eta gaurko eguna aitzaki, atzera begirakoa egin du Aizpea Otaegi Mitxelena alkateak, ikastolako ikasle izandakoa baita hura ere: “Ikastolan emandako hamabost urteak ez ditut ahazteko. Eta ezin ditut bereizi gaur naizen pertsonarengandik”.
Ongi etorria eginda, Lino aldera abiatu da herria kalejiran, Emakumeen Etxean esateko azken hitzak. Berezia eta inola ere ez ausazkoa azken topaleku hori, amak hartu baititu ardatz aurtengo KMK jaialdiak. Bertan izan dira azken hitzartzeak: Navarrorena berriro, eta Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariarena, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarena eta Eider Mendoza ahaldun nagusiarena.
Lehen mintzaldietatik azken horietara arte, ordea, asko izan da herritarrek bidean topatu dutena. Horiek zerrendatu baino, hobe norberak ondoko laburpen bideoan eta argazkietan ikustea.