Arte eszenikoen zirrara, demokrazia eta 'bokatak' Lezon
Lezoko I. Antzerki Laburren Lehiaketaren festa egingo dute larunbatean. Aurrez aurreko talentua zuzenean bozkatuko dute ikusleek.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2023/10/lezo-antzerkia.jpg)
Arte eszenikoen festa handia larunbat arratsaldean Lezon. Lezoko I. Antzerki Testu Laburren Lehiaketa kalera ateratzeko txanda iritsi da, behin finalista diren sei lanak aukeratuta. Izan ere, Lezon eta Euskal Herrian lehenengoz egin den kultur iniziatibak orain arteko bidea sukaldean egin du, baina larunbatean kozinatutakoa banatzeko eguna izango da. Arte eszenikoen zirrara, demokrazia, eta ogitarteko edo bokatak urriaren 7an Lezon. Kaleko festa handia antolatu dute, Lezo Herri Eskolako jolastoki estalian.
Egunaren aurkezpena gaur egin dute Jon Legorburu Kultura zinegotziak; Xanti Val Kultura teknikariak; eta Agurtzane Intxaurraga Hika Teatro konpainiako kide, antzerki zuzendari eta dramaturgoak. Harro azaldu da Legorburu, batetik estreinakoz egin delako Euskal Herrian gisa honetako lehiaketa bat, eta bestetik jasotako erantzuna aparta izan delako: osotara hemezortzi testu labur aurkeztu dira lehiaketara –lezoar batek egindakoa izan da bat—, eta oinarriak jarraituz sei aukeratu dituzte larunbateko finalerako: “Maila handiko testuak izan dira, epaimahaiko kideek esan digutenez. Harrituta gaude zer nolako arrakasta izan duen iniziatibak”. Ezin hobe atera zaie arte eszenikoak barrutik ezagutzeko “esperimentua”, Legorburuk nabarmendu duenez. Aukeratutako dozena erdi testu horietan, denetan, era batera edo bestera Lezo azaltzen dela adierazi du hautetsiak. Eta lehiaketa arte eszenikoetara gazteak erakartzeko “eta horiek barrutik ezagutzeko” saiakera ere badela adierazi du kultur arduradunak: “Udal bezala, herri bezala, plazera da horrelako gauza batean asmatu, hor egotea, eta lehenak izatea. Horri garrantzia eman nahi diogu”.
Valek, bere aldetik, zehaztu du udalaren eta Hika Teatro konpainiaren arteko elkarlanetik sortu eta garatu dela egitasmoa. Kezka batetik abiatuta: “Arte eszenikoetan jaitsira ematen ari da. Horri bira ematen saiatu nahi genuen, eta horrela jarduten ari gara Gezalako programazioarekin. Baina teloiaren atzean gelditzen den hori, azalera eraman nahi genuen. Hortik abiatuta, aurrera urratsa egitea erabaki genuen, eta lehiaketa antolatu. Ideia brillantea dela iruditzen zaigu. Zerbait egin nahi genuen, baina ondo”. Hala, Hikarekin egindako elkarlana oso profesionala izan dela adierazi du Valek, zer eta nola egin garbi zutela. Balioan jarri du epaimahaiaren ezagutza eta entitatea Valek: Lierni Fresnedo aktorea eta Orratx! Antzerki Taldearen zuzendaria, Kepa Errasti aktore eta dramaturgoa, eta Agurtzane Intxaurraga bera izan dira testuen egokitasuna eta kalitatea (hainbat alor kontuan hartuz) neurtu dutenak. “Ustekabea izan da hemezortzi testu jasotzea, horien artean euskal antzerkigintzan izen ezagunenak. Hau dena bol handi batean sartu, nahastu, eta entsalada ederra egingo dugu larunbatean”. Testuen egileen artean gazte asko izan direlako baikor azaldu da udal teknikaria.
Arte eszenikoen zirrara
Agurtzane Intxaurragak eman ditu larunbateko arte eszenikoen festaren gaineko xehetasunak. Aitzindari izan den lehiaketako sei finalisten irakurraldi dramatikoa egingo dute larunbatean, 19:30ean hasiko den jaian, Herri Eskolako patioan. Zuzenean, sei aktorek, egokitu zaien testuaren irakurketa dramatizatua egingo dute: hasi aurretik zozketatuko dute zein aktorek irakurriko duen testu bakoitza (binakako irakurketa izango da, eskarmentua duten aktoreekin nahiz antzerki eskoletan dabiltzanekin), eta ondoren, ordu eta 45 minutuko tartea izango dute aktore horiek irakurraldia prestatzeko, zozketa bidez ere egokitu zaien zuzendariaren laguntzarekin (herenegun egin zuten zein zuzendarik landuko dituen testuak). Bikote bakoitzak bina testu irakurriko ditu. Testuak zein aktorek irakurriko dituen ez dute jakinarazi nahi, “zirrara hori azken unera arte mantendu nahi dugu”, esan du Intxaurragak.
Irakurketa horretan, zuzeneko musika izango da. Idoia Hernandez Hatxe musikari oreretarrak zuzenekoarekin lagunduko du testu horien irakurketa, inprobisatuz. Festa osoa bi aktorek dinamizatuko dute, Miren Gaztañagak eta Xanti Agirrezabalak.
Demokrazia
Testu irabazlea publikoak aukeratuko du. “Larunbateko jaialdiaren zati oso inportantea izango da publikoa”, nabarmendu du Intxaurragak. Testu finalistak erabakitzeko ardura profesionalen talde batena izan da, “baina ikusleena izango da azken erabakiaren ardura. Testu irabazleak 1.000 euro jasoko ditu”.
Larunbatean, 15:30ean bilduko dituzte lehenengoz hiru zuzendariak (Ander Lipus, Maika Etxekopar eta Olatz Beobide) eta sei aktoreak (Eneritz Artetxe, Maryse Urruti, Koldo Olabarri, Idoia Tapia, Kimetz Etxabe eta Raquel Salinas); sei aktoreetatik hiru eskarmentudunak dira, eta beste hirurak berriak, “antzerki eskoletatik atera berriak dira azken hirurak”. Zuzendari bakoitzari bi aktore egokitu zaizkio, bat eskarmentuduna eta bestea ‘berria’. Ordubete eta 45 minutuko lanketa denbora izan ondoren, testua era dramatizatuan lantzeko. 19:30ean hasiko da publikoaren aurreko Herri Eskolako jolastokiko festa: DJ La Bravaren doinuek jasoko dituzte ikusleak, eta gero, 20:00ak inguruan, hasiko dira irakurketak: hiru lehenik, ordu erdiko atsedenaldia, eta beste hiru ondoren. “Festa handia izango da larunbatekoa, antzerkiaren zaleentzat, baita arte eszenikoak gutxiago ezagutzen dituztenentzat ere”.
Sei testuak irakurrita. demokrazia ariketa egikarituko dute ikusleek. Orritxo bat izango dute, sei lanen izenburuekin (egileen izenik ez du jakingo publikoak, ezta zein zuzendarik zuzendu duen ere). Horietako bat aukeratu beharko dute, libre, inolako eraginik gabe. Puntu gehien lortzen dituena, irabazle. Emaitza jakin aurretik egile, aktore eta zuzendari guztiak igoko dira oholtzara. Orduan jakinaraziko dute zein testuk irabazi duen, beraz, zein egile izan den irabazlea. Beste guztiek xanpain botila jasoko dute, “festa ospatzeko”. Beraz, bukaerara arte, intriga puntua izango du denak.
‘Bokatak’
20:00etan hasiko dira irakurraldiak. Lehenik hiru, atsedenaldia, eta gero beste hiru. “Futbol partidetan ohitura da atsedenaldian bokata jatea. Bada larunbatean antzeko zerbait gerta dadila. Jendea etor dadila, kuadrillak, bokatekin. Gozatzera. Antzerkiaz gozatzera, hiru orduz. Gauza ezberdinak dastatzeko aukera izango da, ez ogitartekoak bakarrik. Aukera izango baita aktoreekin, zuzendariekin edo egileekin hitz egiteko. Antzokian dasta ezin daitezkeen elementuak izango dira larunbatean Lezon, kalean”, zehaztu du Valek.