Emakume Abertzale Batzaren gaineko erakusketa
Lurgorri Kultur Elkarteak Sabino Arana Fundazioarekin elkarlanean antolatu du erakusketa; hilaren 10etik 21a bitartean izango da zabalik Xenpelar Etxean.
Emakume Abertzale Batza 100 urte emakumeak aberria eginez erakusketa antolatu du Lurgorri elkarteak Sabino Arana Fundazioarekin elkarlanean. Hilaren 10ean zabalduko dute 19:00etan eta hilaren 21 arte izango da bisitatzeko aukera. Xenpelar Etxean izango da erakusketa.Lurgorrik aitortza egin die, “duela 100 urte, ekimen ugari bultzatu zituzten eta hamaika zereginetan aritu ziren, gizarte eredu berri baten aldeko apustua egin zuten. Emakume horiek Euskadiren alde egindako jarduerak eta haien bizipenak gogora ekarri nahi ditu erakusketak”.
Errenterian indar handia hartu zuela Emakume abertzale Batzak nabarmendu du Lurgorrik, “garaiko prentsak jaso bezala, berrehun emakumetik gora osatzen zuten erakundea gurean. Datu esanguratsua da, 1931. urtean 9.000 biztanle inguru zituelako Errenteriak”. Emakume horien aitzindari izaera lehen lerrora ekarri du elkarteak, “gizartean eta politikagintzan zegokion lekua aldarrikatu eta bete zuelako euskal emakume talde batek”.
Emakume horiei esker, 1936ko Espainiako Gerra hasi aurretik, haurrek eskolak euskaraz hartzeko modua izan zuten eta politikagintzan gidaritza hartzen hasi ziren.
Lurgorrik herritar guztiak animatu ditu erakusketa bisitatzera.