Kulturaz blai heldu da udazkena Lezora
Askotariko 39 ekitaldirekin ondu du udazkeneko kultur agenda Lezoko Udalak.
Udazkenari begira kulturaz betetako egitaraua ondu du Lezoko Udalak. Askotarikoa eta publiko zabalari begirakoa da 39 ekitaldiz josi duen proposamena. Programazioa bera, udalak kulturaren alde egiten duen apustuaren erakuslea da Jon Legorburu Kultura zinegotziaren hitzetan.
Gaur goizean aurkeztu dute prestatu duten egitaraua Legorburuk berak, eta Xanti Val Kultura teknikariak. Historia ezagutzeko, sormena adierazteko eta aniztasuna errespetatzeko “altxorra” dela kultura esan du Valek, “ezagutzaren aprobetxamendu soziala da, eta zaindu nahi badugu, horren adierazpen guztietan babesteko konpromisoa dugu”.
Legorbururentzat, berriz, Euskal Barne Produktu Gordinaren zati garrantzitsu da kulturaren ekosistema, “jakitun gara profesional askok kultura alorrean lan egiten dutela, horregatik, Lezoko Udalak ekitaldi berriak programatzen jarraitzeko eta Kultura Lezoren ezaugarri izan dadin saiatzeko konpromisoa du”.
Antolatutako eskaintza “erakargarria” dela esan dute biek; 39 jardueraz gozatzeko aukera izango da abenduaren 22ra bitartean. Lehen hitzordua, bihar bertan izango da. Lur urratua dokumentala ikusteko aukera izango da Etxetxo elkarteak antolatuta. Ez da astebururako aurreikusitako ekintza bakarra, izan ere, Lezoko Antzerki Testu Laburren finala egingo dute Lezo Herri Eskoako jolastoki estalian. Euskal eszenako zuzendari eta musikari ospetsuek hartuko dute parte bertan.
Igandean, berriz, Txalo antzerki konpainiaren Hobe Ixilik! antzezlanaz gozatzeko aukera izango da Gezala auditorioan, Amaia Lizarralde eta Ramon Agirre aktore ezagunen parte hartzearekin.
Aipatutako horiek hasierakoak baino ez dira, hiru hilabeterako musika, antzerki, solasaldi, dantza eta zinema emanaldi sorta prestatu baitute.
Azaroari aipamen berezia egin diote. Hil horretan, Aurelio Galarraga Galiziako Letren poeta handiaren irudia berreskuratuko dute, “ama lezoarra zuen”. Agenda herrian zehar banatzen hasia da udala dagoeneko eta Lezoko Udalaren webgunean eta app-an eskuragarri dago (egin klik hemen). Sarrerak, udalaren webgunean eros daitezke ohi bezala.