'Butakat' egitasmoa abiatu du udalak
Gazteenak sorkuntza prozesuen testigu izan daitezen, eta publiko gisa esperientzia hobetzeko, hainbat tailer egingo dituzte ekainera bitartean.
Errenteriako Udalak Butakat ikusle tailerra jarri du abian, 2006 eta 2009 artean jaio diren gazteentzat. Jarduerari dagokionean, 2023-2024 ikasturtean zehar hilean behin elkartuko dira, urritik ekainera. Horrela, parte hartzaileek hartu eman berezia izango dute diziplina askotariko artistekin. Izan ere, asmoa da gazteei publiko gisa esperientzia hobetzeko tresnak eskaintzea, sorkuntza prozesua bertatik bertara bizituta.
Hileroko saioek bi ordu iraungo dute, eta horietako bakoitzean gai desberdin bat jorratuko dute eragile desberdinekin. Hasteko, lehen saioa urriaren 24an izango da, eta Dejabu antzerki konpainia nahiz Jakinmin elkarteko kideak lagun, “Zergatik sortu?” galderari eutsiko diote.
Ondorengo saioetan, Kukai Dantza taldeak, Hika Teatroak, Horman Posterrek, edo Goitibera Teatro eta Trapu Zaharra konpaniak hartuko dute parte. Hortaz gain, 2024ko urritik abendura Formol Laborategiak sorkuntza prozesu bat gidatuko du, eta aurtengo saioetan parte hartuko duten gazteak gonbidatuko dituzte.
Tailerrak Lekuona Fabrikan izango dira, eta izen ematea doakoa izango da. Gaur, ostirala, epea ireki dute, eta datorren urriaren 17ra arte egongo da zabalik; esteka honetan edo Lekuona Fabrikara bertaratuz eman daiteke izena.