Donibaneko eskubaloi taldeak, lanean jarraitzera
Herriko eskubaloi taldeek sasoiari heldu diote bete betean, eta orotariko emaitzak eskuratu dituzte asteburuan zehar.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2023/10/donibane-eskubaloia.jpg)
Donibaneko eskubaloi taldeek sasoiari heldu diote bete betean, eta honezkero ligako partiden dinamika murgilduta daude. Asteburuan zehar hainbat norgehiagoka jokatu zituzten herriko taldeek, eta denetarik egon da emaitzen artean.
Emakumeen Gipuzkoako Lehen Mailako Txapelketan Urnietak hasi eta bukatu mendean hartu zuen Donibane (29-7). Urnietak denboraldia sailkapenaren goiko aldean egitea aurreikusten da, eta ostiralean nagusi zirela erakutsi zuten. Atsedenaldirako, hamar puntuko aldearekin, etxekoek garaipena ia ziurtatu zuten (12-2). Bigarren zatiak, dinamika berekoa, etxekoen nagusitasuna berresteko balio izan zuen, Ane talde pasaitarreko atezainak hainbat geldiketa egin bazituen ere.
Gizonen Gipuzkoako Lehen Mailako Txapelketan dabilen Donibane Bonantza taldeak berdinketa (28-28) eskuratu zuen joan den larunbatean, Eibarren aurka kanpoan jokatutako norgehiagokan. Aurten Euskal Ligatik jaitsi bada ere, Eibar igoera postuak lehiatzeko play offetarako arerio zuzena izango dela aurreikusten dute pasaitarrek.
Partida oso erritmo bizian hasi zuten bi taldeek, eta oro har Donibane markagailuan aurretik joan bazen ere, hamahiruna iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian, bada, Eibarrek agindu zuen. Defentsan irmo eutsi zioten, gogortasuna handitu eta 2-3 goleko abantaila lortu zuten etxekoek. Azken txanpan, ordea, sanjuandarrak defentsan hobetu eta hainbat jokalditan baloia errekuperatu ondoren, erasoan fin ibili ziren. Are, azkeneko erasoko jokaldia Donibanerena izan zen, eta pilotak zutoina jo zuen. Puntua poltsikoratuta, sailkapenean Eibarrekiko bi puntuko diferentzia mantentzea lortu zuten sanjuandarrek.
Gipuzkoako Bigarren Mailako Txapelketan, bada, Donibane Kalaburtzak partida sendoa jokatu baina Txingudiren aurka galdu zuen (37-26). Irungo taldea A multzoko sendoenetariko bat da, eta lehen zatiaren hasieran erritmoari eusteko kapaza izan bazen ere, talde sanjuandarra bost goleko desabantailarekin iritsi zen atsedenaldira (18-13). Bigarren zatian hamaika goleko aldea lortu zuten irundarrek, baina Jose eta Curto atezainaren lan onagatik lau goleko aldera hurbildu ziren. Bukaeran, nekeak jota, Donibanek aguantatu ez eta Txingudik partida erabaki zuen. B Multzoan, ordea, Donibane Mitxintxolak Urola Goiherri aisa menderatu (45-24) eta multzoko lidergotza sendotu zuen. Pasaitarrek, hasiera-hasieratik, ez zuten aukerarik eskaini, eta atsedenaldirako zortzi puntuko abantaila eskuratu zuten (20-12). Bigarren zatian dinamika berdinari eutsi, eta hogeita bat goleko diferentziaz nagusitu ziren.
Gazteen taldea Gipuzkoako Txapelketako B multzoan dabil, eta Egiaren aurkako partida gutxienekoagatik etxean gelditu zen (23-22). Lehen zatian nagusi izan ziren pasaitarrak, eta 15-8 heldu ziren atsedenaldira. Bigarrenean talde donostiarrak pasaitarren akatsak baliatu eta markagailua parekatu zuten, baina azkenerako Donibanen gelditu ziren bi puntuak.