Sasi garbiketa eta zuhaitz kentzea, Institutuaren inguruan
Institutuaren eta ondoko aparkalekuaren inguruan dauden zuhaitzak egoera eskasean daude, eta moztuko dituzte.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2023/10/lezo-institutua.png)
Hilaren 13 eta 14an Lezoko Institutuaren eta azpiko aparkalekuaren artean dauden sasien garbiketa nahiz horko lau zuhaitzen mozketa egingo du. Horregatik, inguru horretan dauden aparkalekuak ezingo dira erabili hilaren 13ko (ostirala) arratsaldetik, 14ko (larunbata) arratsaldera arte. Ostiral arratsaldea eta larunbat goiza emango dituzte beharginek lanean. Hala, Lezoko Udalak jakinarazi du inguru horretako aparkaleku plazak libratu beharko direla.
Udalak jakinarazi du inguru hori sasiz betea dagoela, eta garbiketarekin “mantenua egin eta itxura hobetu” nahi dutela. Sakonagoa da zuhaitzen gaia. Lau daude Institutuaren alboan, eta horien egoera zein den ikuskatu ondoren, ebatzi dute egoera eskasean daudela, kendu egin behar direla: “Zuhaitzetako bat lehorra dago, eta beste hiruek lehortzen ari direnaren zantzuak dituzte. Hori horrela, arrisku egoerak ekiditeko zuhaitz horiek kentzea erabaki da”.
Lanak eginda, eremu horretan zer nolako landaketa egin adostuko du udalak Lezo Institutuarekin, “betiere ingurumen irizpideak jarraituz eta bioaniztasuna bultzatzeko Institutuak dituen iniziatibekin bat eginez”.