Sugegorrien inguruko hitzaldia eskainiko du Aranzadik
Udan San Pedron agertu diren sugeek kezka eragin dute barrutiko bizilagunen artean. Kezka eta zalantza horiek "apaldu" nahi ditu udalak.
Argazkia: Ander Izagirre Egaña Datorren hilaren 20an (ostirala da) sugeen inguruko hitzaldi didaktiko bat eskainiko du Aranzadi Zientzia Elkarteak Pasaian. San Pedroko Udal Aretoak jasoko du saioa, eta adin tarte guztientzako izango dela aurreratu dute udaleko iturriek. 17:30etik 18:30era luzatuko dute.
Hitzaldi hau kezka bati erantzuteko antolatu du udalak. Izan ere, uda honetan San Pedron zenbait sugegorri agertu dira, eta horrek kezka eragin du barrutiko herritarren artean. “Arraunlari kalean sugegorri bat azaldu zen, ondoren aldundiko basozainek itsasargi inguruan askatu zutena. Barrutiko zenbait tokitan ere ikusi dituzte sugegorriak hainbat bizilagunek”, diote udaleko iturriek.
Bizilagunen kezka “apaltzeko” asmoz antolatu dute hitzaldia, Iraitz Pazos zinegotziaren arabera, “garrantzitsua baita biztanleengan sortutako kezkei erantzutea, modu pedagogikoan eta didaktikoan. Herritarrak sentsibilizatu nahi ditugu, lasaitu eta informatu”. Honetan, herpetologian aditua den Iñaki Romerok (Aranzadi elkartekoa) animalia hauen ezaugarriak, ohiturak eta habitataren inguruko informazioa emango du. Hitzaldia biribiltzeko, sugeen erakusketa txiki bat ikusi ahal izango da ondoren.
