Greba mugagabea hasiko dute Correoseko garbitzaileek
Dagoeneko 11 egun daramate greban SCT Limpiezas Cordobako langileek eta greba mugagabera jotzea erabaki dute. Behinik, soldata kobratu arte izango dira hala.
Urriaren 2an hasi zuten hamabost eguneko greba Correosek azpikiontratatua duen SCT- Limpiezas Cordoba enpresako garbitzaileek eta gaur 11 egun bete berri dituzte. Langileek lau hilabete daramate soldatarik kobratu gabe, baita uztaileko aparteko ordainsaririk jaso gabe ere.
Atzo, Irutxuloko HITZAk jakinarazi zuenez greba mugagabera joko dute garbitzaileek (%96 emakumeak dira) datorren lau egunetan egoera aldatu ezean eta ez du halako itxurarik, “negoziazio falta” agerikoa delako. “Lan egin ala ez, ez dugu kobratuko; eta Correosek, ez du ezer aldatu”.
Langileek azaldu dute Correos taldeko erosketen zuzendaritzaren erantzuna jaso dutela azken egunetan eta azpikontratatua duten enpresaren aurkako espedientea ireki dutela jakinarazi diete. Dena den, langileak ez dira ados enpresa honekin lanean segitzearekin eta kontratua eteteaz gain, soldata horien ardura hartzea galdegin diote erosketen zuzendaritzari: “Oraindik ordaindu gabe dauden nominen ordainketa bermatzeaz Correos arduratzea exijitzen dugu. Ez da posible 24 milioi baino gehiago mugitzen dituen kontratu publiko batean langileak kobratu gabe egotea”.
Salatu egin dute Limpiezas Cordobarekin arazo aurrekariak zeudela, esaterako Elxen, eta ea zergatik kontratatu zuten horren jakitun izanda jakin nahi dute. Izan ere, urtarriletik du Gipuzkoako garbiketa lanen esleipena enpresak. “Hilaren 3an, 15ean eta 21ean kobratu dugu. Ez dugu inolako bermerik izan”. Greba mugagabea soldatak ordaindu arte egingo dute.