'Trama berriak' errezitaldia bihar, 21 Aulkiren barruan
Bost idazlek parte hartuko dute Ehuntzeko errezitaldian, tartean hiru oiartzuarrek. Gainera, Onintza Etxebesteren erakusketa ikus daiteke bertan.
Ehuntze espazioak urtero antolatu ohi duen 21 Aulki zikloa martxan da, pasa den astetik. Onintza Etxebeste Lirasen Tradizioak/Traizioak erakusketa ikus daiteke bertan, hilaren 21era arte.
Bihar, berriz, egitarauko beste ekitaldia izango da. Trama berriak izeneko errezitaldia antolatu dute, eta irakurleak bost emakume idazle izango dira.
19:00etan hasiko da errezitaldia, eta hauek izango dira parte-hartzaileak: Oihana Arana Cardenal, Goiatz Labandibar Arbelaitz, Karmele Mitxelena Etxebeste, Olatz Mitxelena Larreta eta Itziar Ugarte Irizar.
Tradizioak/Traizioak
Onintza Etxebeste Lirasen Tradizioak/Traizioak erakusketa hilaren 21era arte bisitatu ahal izango da. Gaur arratsaldean, ofizialki jai eguna izan arren, Ehuntzek hura ikusteko aukera emango du.
Erakusketa astelehenetik ostiralera bisitatu ahalko da 17:30etik 19:30era, eta larunbatetan 11:00etatik 13:30era. Larunbatetan Etxebeste bertan izango da.
Erakusketak euskal iruditeriarekin lotutako esanahiak berrasmatzea du oinarri. Horretarako, herri ondare diren irudi tradizionalekin esperimentatu du sortzaileak.