[Elkarrizketa] «Garrantzitsua da eguneroko eginkizunetan euskara erabiltzea»
Euskara praktikatu nahi dutenei begira, Pasaiako Mintzalagun egitasmoak aurtengo bideari ekin dio. Iaz 64 izan ziren egitasmoarekin bat egin zuten pasaitarrak.
Sekula horren berri izan ez duenarentzat: nola azalduko zenuke zer den Mintzalagun egitasmoa?
Mintzalagun Euskal Herri osoan egiten den iniziatiba da. Helburua da euskara praktikatu nahi duten herritarrei doako zerbitzua eskaintzea. Talde txikitan, euskara ondo dakien pertsona baten laguntzaz, euskara hobetu nahi duten lagunak elkartzen ditugu, euskaraz mintzatzeko leku atseginean. Pasaian udalari esker eta bi euskaltegien arteko elkarlanaren bidez bideratu ahal izan da.
Iaz berrekin zenioten dinamikari.
Bai, aspalditik ez zen Mintzalagun egiten Pasaian. Herriko bi euskaltegietan ikasle asko izaten ditugu urtero, baina euskara kalera ateratzeko, eta euskara era praktikoan ikasi nahi duten milaka herritarren nahia asetzeke zegoen. Behar horri erantzuteko ekin genion lan honi, eta aurtengoa bigarrena izango da.
Zeintzuk izango dira aurtengo erronkak?
Uste baino arrakasta gehiago izan genuen iaz. 64 lagun aritu ziren hamabost talde txikitan. Azpimarragarriena da boluntario lana egin zuten hamabost Bidelagunen ekarpena. Aurten hiru erronka ditugu: talde gehiago sortzea; Pasai Donibanen lagun gehiago elkartzea, eta Gurasolagun taldeak sortzea.
Zer-nolako euskara profila izan behar da programan parte hartu ahal izateko?
Nagusiki bi dira: Bidelaguna, edo euskaraz ondo moldatzen dena; eta Bidelaria, edo euskara hobetu nahi duena. Bidelarietan mota guztietako herrikideak izan ditugu, adin, jatorri eta ezagutza maila ezberdinekoak. Bidelaria izateko aski da ulertzea, mintzamenean hobekuntza lortzea taldearen zeregina da eta.
Nola antolatu ohi dira talde horiek?
Talde txikiak dira, eta laukoteka antolatuko ditugu. Bidelagunak solasaldiak bideratzen ditu, eta taldearen arduraduna da. Dinamizatzaileak, kasu honetan nik neuk, taldeen koordinazioaren ardura du. Taldeak autonomoak dira, baina noizean behin elkartzen ditugu.
Zergatik leku publikoetan?
Garrantzitsua da euskara plazara ateratzea, euskara kalean entzutea, eguneroko eginkizun arruntetan euskara erabiltzea, gertuko lekuetan eta hurbileko bizilagunekin.
Aipatu duzu berritasun bat txertatu duzuela: Gurasolagun.
Gure ustez, oso garrantzitsua da belaunaldien arteko hizkuntzaren transmisioa eta hizkuntz ohiturak aldatzea etxekoen artean. Gurasolagun eskaintza Mintzalagun egitasmoaren baitan kokatzen den eskaintza da. Gurasoei zuzenduta, umeak jolasten ala ikasten ari diren bitartean, euren gurasoen elkarrizketetan euskara normalizatu dadin. Hitzorduak gurasoentzat dira. Hala ere, umeekin batera egingo diren hainbat deialdi aurreikusita daude.
Nola eman dezake izena jendeak?
Zabaldu da matrikula epea. Hauek dira izena emateko bideak: herriko bi euskaltegietan; e-mailez idatzita; eta telefonoz edo Whatsappez 688 64 71 59 zenbakia erabiliz; zuzen-zuzenean fitxa betete daiteke blog honetan.