Lezoko Gau Beltzak maindire eta trapu zaharrak behar ditu
Hilaren 31ko kale festa prestatzeko materiala biltzen hasiko dira Gau Beltzaren antolatzaileak. Hilaren 16tik 20ra jasoko dituzte osagaiak.
Aurrera doa Lezoko Gau Beltza. Lezoko eragileek bat egin dute elkarlanerako deialdiarekin. Forma hartzen ari da “gure arbasoen tradizioak” berreskuratzea asmo duen jarduera. Hilaren 31n izango da, ilunabarrean.
Den-dena egoki joan dadin lanean ari dira jardueraren bultzatzaileak. Hala, eskaera egin diete lezoarrei: maindire eta trapu zaharrak eman ditzatela nahi dute, festarako beharrezko dituzten jantzi eta osagaiak atontzeko.
Horiek uzteko epea ere ezarri dute: hilaren 16tik 20ra. Hiru gunetan utzi behar dira osagai horiek, han izango diren edukiontzietan: Pasaia-Lezo Lizeoaren egoitzan, Lezo Herri Eskolan, eta udaletxean.