Sei ibilbide antolatu dituzte, eskualdeko monolitoak bisitatzeko
Oarsoaldeko Garapen Agentziak antolatu ditu, "arbasoen kulturaren ikuspegi zirraragarria" ezagutzeko.
Oarsoaldeko Garapen Agentziak sei ibilbide proposatu ditu, arbasoen historia aberatsa esploratzeko asmoz. Horiek monumentu megalitikoen inguruan antolatu ditu, aukera bikaina eskaintzen dutelakoan arbasoen kulturaren ikuspegi zirraragarria ezagutzeko.
Aiako Harria Parke Naturalaren eta Lau Haizeta parkeko inguruetan, Errenteria-Orereta nahiz Oiartzungo lurretan, egingo dituzte ibilbideak, inguru horietan dauden monumentu megalitikoak ezagutu asmoz: menhir, zist eta trikuharriak bisitatzeko aukera izango dute herritarrek.
Oarsoaldekoa Euskadiko inguru megalitiko handi eta garrantzitsuenetarikoa da, bertan Neolitikoaren eta Burdin Aroaren arteko ondarea baitago. Ibilbide guztiak adin eta gaitasun desberdineko pertsonek egin ditzaten diseinatu dira. Hori horrela, honako dira antolatu dituzten sei ibilbideak:
- Zamalbide-Txabala: Errenteriatik abiatuta, Aitzetako Txabala eta Berrozpin Txoritokietako monolitoak ikusteko aukera egongo da.
- Langagorri-Hazpitarte haitzuloak: Listorreta atsedenlekutik abiatuta, Langagorriko monolitoa eta Hazpitarte haitzuloak bisitatzeko aukera egongo da.
- Sorondo-Elorrita: Oiartzungo ibilbide honek Elorrita gaina izango du helburu, bertako harrespila ezagutuko dute.
- Egiar-Urkullu Txiki Egia: 3454 GI errepidetik helduta, bi puntu horietako harrespilak bisitatu daitezke.
- Oieleku: Artikutzatik Oielekura bidean Kauso I eta II, Munerre, Oieleku (iparra eta hegoa), eta Arritxurietako harrespilak bisitatuko dituzte. Gainera, Gainzabal trikuharritik igaroko dira ere.
- Bianditz: Artikutzatik ere abiatuta, Arritxulangako eta Errengako harrespilak bisitatzeko aukera egongo da.