Azaroko greba feminista orokorra lantzen hasiko dira Antxon
Bi asanblada ireki deitu ditu herriko mugimendu feministak, "guztiontzako". Lehena larunbat honetan bertan izango da, Bekoz Bekon.
Martxoaren 8a Pasai Antxon, artxiboko argazki batean. Greba feminista orokorrak hartuko du Hego Euskal Herria datorren azaroaren 30ean. Deialdia lantzen hasteko, dagoeneko hasiak dira mobilizatzen herrietako batzordeak. Pasaian, eta zehazki, Antxon, bi asanblada ireki deitu dituzte.
Lehena larunbat honetan bertan izango da, 12:00etatik 13:30era arte, Bekoz Beko Elkartearen egoitzan. Bigarrena, leku eta ordu berean, azaroaren 11n (larunbata hori ere). Bilkura irekiak izango direla ohartarazi dute antolatzaileek, eta beraz, edonor dela ongietorria horietan parte hartzera. Azaroko grebara, izan ere, herritar guztiak baitaude deituak, ez soilik emakumeak*.
Mobilizazioan zaintza eskubide kolektiboaren alde egingo du herriak. Hego Euskal Herriko mugimendu feministak, ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT sindikatuen babesarekin deitu du greba, eta jada erregistratuta dago deialdia Eusko Jaurlaritzan.
