Palestinari elkartasuna adieraztera deitu du Kontseilu Sozialistak gaur
Elkarretaratzea egingo dute Iztieta auzoko Diputazio plazan Kontseilu Sozialistak deituta, gaur 19:00etan.
Palestinari elkartasuna adieraztera deitu du Oarsoaldeko kontseilu Sozialistak. Horren harira, elkarretaratzea antolatu dute gaurko, 19:00etan Iztieta auzoko Diputazio plazan. Gogor salatu du kontseiluak Israelgo Estatu “kriminala”, bere oinarriak “okupazioan eta palestinarren zapalketan” dituelako. Salaketa hori hareago eraman du, eta mendebaldeko estatuetara zabaldu, “Israelekiko duten izaera kolaboratzaileagatik”, eta “dominazio eta zapalkuntza guztien aurka” nazioartean sozialismoaren aldeko indar politikoa berrantolatzeko lanean jarraitzera deitu du, gainera, “hori baita herri langileen askatasuna eta gerrarik gabeko jendarte baten oinarriak eraikitzeko bermea”.
Egungo testuinguruaren irakurketa ere egin dute elkarretaratzearen deitzaileek: “Israelgo Estatuak Palestinaren aurka daraman hamarkada luzetako okupazioaren eta genozidioaren aurrean, borrokaren bidez erantzun du Palestinako erresistentziak; eta Israelek, ofentsiba militarra abiarazi, lurralde osoan gerra egoera ezarriz 1973tik lehenengoz. Makinaria militar osoa jarri du martxan Israelek Gaza inbaditzeko eta palestinarrak suntsitzeko asmoa iragarri du”.
Hamarkada luzeetako egoera larria, azken egunetan nabarmen larritu dela salatu dute.
Zapaltzaileen bakea
Israelen “ideologia sionista supremazistari” arbuio egitearekin batera, eskuineko alderdi parlamentarioek Israeli babesa adierazi izana ere salatu du; ez hori bakarrik, izan ere, Kontseilu Sozialistarentzat ezkerreko alderdiek gatazkaren konponketarako egin duten elkarbizitzarako eta elkarrizketarako deia, “palestinarrei zapaltzaileen bakea inposatzea” delako: “Bakezaletasunez mozorroturik adierazpen horiek, Israelgo erregimena zuritu, zapalkuntza egoera neutralizatu, eta palestinarren erresistentziaren kriminalizazioa bultzatzen dute”.
Mahai gainean jarri du Israelen jarrera “kriminala” baieztatzeko Palestinarrak etengabe jazarri dituela: “Palestinarak desagerrarazteko asmoa izan du urte luzez, lurren okupazioaren, torturaren, eta erailketen bidez, beti ere mendebaldeko bloke inperialistaren babesarekin. Izan ere, Israel da ekialde hurbilean mendebaldeko oligarkiak duen aliaturik garrantzitsuenetakoa, Ameriketako Estatu Batuekin, Europar Batasunarekin edota Natorekin dituen hitzarmenek argi erakusten duten bezala”.
Bukatzeko herritar guztiak deitu dituzte gaur, “Israelgo Estatu kriminala eta mendebaldeko estatuek harrekiko duten izaera kolaboratzailea” salatzera eta Palestinari elkartasuna adieraztera. Hitzordua, 19:00etan Iztietako Diputazio plazan.