Tximeletaren hegaldia eten ez dadin
Juneren Hegoak elkarteak, larunbatean—hilak21— ospatuko du bere egun handia. Ez da nolanahikoa izango, aurten hamar urte bete baititu adingabeen gaixotasun, aniztasun funtzionala edo doluagatik zaurgarri diren familiak laguntzeko 2013an bidea hasi zuen elkarteak.
Juneren Hegoak elkarteak, larunbatean—hilak21— ospatuko du bere egun handia. Ez da nolanahikoa izango, aurten hamar urte bete baititu adingabeen gaixotasun, aniztasun funtzionala edo doluagatik zaurgarri diren familiak laguntzeko 2013an bidea hasi zuen elkarteak. Ordutik sare sendoa josi du, eta arituan-arituan sendotzen doa haren beharra duten Gipuzkoako familiei laguntza emateko. Inspirazioa, June Sanchez Tolaretxipi txikia izan zen. Bi urterekin hil zen haur minbiziaren ondorioz 2013. urtean.
Bera hil eta hilabete gutxira hasi zuen bidea Juneren Hegoak elkarteak, June txikia zenaren gurasoen eta hainbat lagunen ekimenez. Sareak ordutik, hamaika familia lagundu ditu prozesu zailetan: guztira 59 familia artatu ditu, 118 boluntario aritu dira lanean, 86 ekitaldi antolatu ditu, eta 287.000 euro baino gehiago bideratu ditu bere jarduerara, hau da, adingabeen gaixotasun edo dolu egoera bizitzen ari diren familiei arreta eta laguntza emateko.Onura publikoko erakunde gisa izendapena egin zion Eusko Jaurlaritzak 2020. urtean.
Ikaragarria da egiten duen lana, ezinbestekoa. Juneren Hegoak Eguna elkartearen lana gizarteratzeko balioko du aurreko ekitaldietan bezalaxe, baina baita ospatzeko ere. Ekintza guztiak Gernika plazan izango dira, Lekuona Fabrikaren ondoan, Pirritx, Porrotx eta Marimototx pailazoen arras ezagunen emanaldia izan ezik; hori Lekuona Fabrikan izango da 17:00etan.
Gaur aurkeztu dute Lekuona Fabrikako terrazan egin duten agerraldian egun handirako ondu duten egitaraua. Alazne Mendikute elkartearen ordezkaria, Maite Gartzia Kultura zinegotzia, aurkezle lanetan aurten ere ariko den Luismi Laboa, Kromosoma tailerreko Alberto Monroy, The Pink Force taldeko andoni Serrano, 501st Legioko Iker Bonino eta Elipsis Taldeko Alba Recuerdak. Horiei guztiei esker ona azaldu die Mendikutek, “egin duzuen ekarpen desinteresatuarengatik”. Berezia izango dela aurtengoa erantsi du, “herriko eragileekin sortu dugun elkarlanagatik, eskerrik asko beraz, guztiei. Udalari ere eskerrak, beti babesle izateagatik”.
Larunbateko egitaraua
Egitarauari heldu dio ostean. 11:00etatik 14:00ak arte elkarteko boluntarioek dinamizatutako puzgarriak, eta aurpegiak margotu zein eskulan tailerrez gozatzeko aukera izango dute Gernika plazara bertaratzen direnek. Kromosoma tailerrak, bere aldetik, joko erraldoiak jarriko ditu denen eskura. Hainbat pertsonai ospetsuk ere bat egingo dute egun handiarekin Mendikutek jakinarazi duenez. Hala nola, Pocoyo izango da bertan eta txikienek harekin argazkiak egiteko aukera izangod ute. 12:00etan, berriz, Eliopsis dantza taldeak Disney ikuskizuna eskainiko du eta 13:00etan StarsWarsen zaleentzako gozagarri, The Pink Force eta 501st Legiokoko kideak igoko dira oholtzara, “iaz jada hartu zuten parte jaian, eta arrakasta handia izan zuten”.
Arratsaldean Euskal Herriko pailazo maitatuenen txanda helduko da: Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Urteak bete, abenturak bizi emanaldia eskainiko dute Lekuona Fabrikan 17:00etan hasita. Sarrerak salmentara ateratako egun berean agortu ziren guztiak.
18:00etan, berriz Euphoria taldeak disko festa hasiko du, eta adin guztietako publikoarentzat karaokea izango da. 20:00etan bukatuko da festa, antolatzaileen agurrarekin.
Ekitaldiez gain, elkartasun postua ere izango da larunbatean Gernika plazan, eta besteak beste, 2024ko Juneren Hegoak egutegia eskuratzeko aukera izango da. Irabazitako guztiak elkarteak lan egiten duen familiei laguntzeko bideratuko dute.
Solidario eta konprometitua
Solidarioa eta konprometitua del Errenteria-Orereta esan du bestalde maite Gartzia Kultura zinegotziak, “horren erakusle ezin hobea da herrian dugun elkarte sarea eta horietako bat da Juneren Hegoak. Eskerrak eman nahi dizkizuegu udaletik egiten duzuen lanarengatik, zorionak zuen hamargarren urteurrenarengatik, eta animatu herritar guztiak parte hartzera festa zoragarri honetan”.
Juneren Hegoak elkartea lagundu nahi dutenek hauetako bideren bat erabil dezakete: Boluntario egin nahi dutenei, posta elektroniko helbide honetara idazteko eskatu diete; hilero euro baten trukez Teamer izateko berriz, hemen sakatu. Dohaintza egiteko aukera ere badago (horretarako klik egin hemen). Juneren Hegoak elkartearen laguntzaile izateko aukera ere eskaintzen du elkarteak.
Horretaz gain, Sabadell banketxeko ES81 0081 4254 46 0001112822 kontu korrontean egin daiteke ekarpena, baita Bizum bidez ere 03930 kodea erabilita, edota dohaintzak sailean Juneren Hegoak bilatuta.